Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Metamorfosia

2012ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Gregor Samsa berri bat bailitzan, nire lagun Felix eraldatzen hasi zen orain dela hiru aste. Kezkaturik deitu zidan telefonoz, ahalik eta azkarren elkartu behar genuela.

—Betiko tabernan?

Ezetz erantzun zidan, ez zuela tabernan elkartu nahi, ezin ginela betiko tabernan elkartu. Bere hitzek bainoago bere ahots tonuak izutu ninduen. Izan ere, Felixen ahotsa ezberdina baitzen, agure batena balitz bezala. Bere etxera hurbilduko nintzela esan nion.

—Jada ez nauk Parte Zaharrean bizi, Xabi.

Aieteko duplexera iritsi, lorategi txiki baina apain bat zeharkatu eta han ikusi nuen, Audi 6 gorri baten ondoan, golf makila batzuk aztertzen. Galtza koadrodun batzuk zeramatzan eta jertse hori bat, lepo puntaduna. Zinez ikaratzekoa eszena, Kafkak berak ere nekez irudikatuko zukeena.

Beldurrak airean zegoela esan zidan, ez zuela ezer ulertzen, golf makila haiek ikusi eta zulo batzuk jokatzeko gogo itzela sentitzen zuela.

—Ez zakiat zer gertatzen ari zaidan, Xabi…

Nik ere ez nekien. Eta, kezkatuta, erantzun baten bila hasi nintzen etxera iritsi bezain pronto. Alferrik, baina. Harik eta Joseba Egibarri irratian entzun nion arte. «Euskal Burgesia Berria Amaiurren eta Bildun sartzen ari da». Orduan dena argi ikusi nuen.

—Felix, sentitzen diat baina uste diat burges bihurtzen ari haizela.

Eskerrak eman zizkidan baina ez kezkatzeko, hobeto zegoela eta jarraitu behar zuela jokatzen.

Birdie bat lortzear omen zegoen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.