Roberto Sarriugarte
Ardoxka

Mendieta Osaba Wines

2024ko maiatzaren 24a
05:00
Entzun

Juanjo Mendietak eta Hortensia Zabalak upategi bat eraikitzea erabaki zuten Lantziegon (Araba), haien jaioterrian, 1982an, baina sekula ez ziren ausartu beratze karbonikoaren metodoa baliatuz egiten zituzten ardoak merkaturatzen. Biak ala biak nekazari eta mahastizain familiakoak ziren; hainbat belaunalditan lan horietan aritutako familiak ziren, alegia.

Garai haietan kooperatibari saltzen zioten produzitzen zuten ardo gehiena, ontziratu gabe, edo upategira hurbiltzen ziren bisitariei saltzen zieten bestela.

Juanjo eta Hortentsiaren semea, Juantxo, izan zen familiak Lantziegon, Binasperin, Guardian eta Kripanen (Araba) zuen hamahiru hektareako mahastietako mahatsekin ardoa egitera animatu eta ausartu zena. Juantxo —Mendi ezizenez da ezaguna herrian—, enologia eta mahastizaintza ikasketak egin ondoren, 2005ean familia ardoak etiketatzen hasi zen Riolanc markarekin —Rioja eta Lanciego hitzen hasierak elkartuta sortu zuen marka—.

Hasieran, urteko ardoak eta ontziratu gabeko ardoa egin eta saltzen zituen, baina denborak aurrera egin ahala eta beste ardo batzuk dastatuta, etorkizuna kalitatean zegoela ohartu zen, nortasuna zuten ardoetan. Mendik esaten duenez, HAZIk Guardian antolatutako mahastizaintza eta enologia ikastaroetan egin zituen bidaiek ere asko lagundu zioten ikusmira irekitzen. Ikastaro horietan, besteak beste, Bastidako (Araba) Tierra upategiko Carlos Fernandez eta Carlos Muro izan zituen ikaskide.

Juantxok sarritan gogoratzen du Bordelera (Frantzia) eginiko bidaietako batean bi hektarearekin bizi zen mahastizain bat ezagutu zuela eta pentsatu zuela: «Gizon honek ahal baldin badu, nik zergatik ez?».

2016an, ordurako Carmen Osaba aita arabarra zuen kaliforniarrarekin ezkonduta zegoela, upategiaren izena aldatu eta Mendieta Osaba jarri zion. Etiketak ere berritu eta modernizatu zituen, emaztearen eta bi alaben irudiak erliebean jarrita; kapsulak kendu eta koloretako lakreak jarri zituen botiletan —urteko ardoan izan ezik—, eta esan daiteke hor abiatu zuela mahastiei, eta, ondorioz, ardoei nortasun propioa emango zien bidea.

Mahasti gazteenak 30 urte baditu, eta badira 70etik gorakoak ere.

Vasconegro da mahastirik bikainena, Juantxoren aitonak 1960an landatutakoa. Juantxoren aitona-amonek oparitu zieten Juantxoren gurasoei, ezkondu zirenean. Mahasti horretako mahatsez egiten dira Vascomendiardoak, zuria zein beltza —Juantxok ezin du Vasconegro izena erabili, izen hori beste ekoizle batek erregistratuta baitauka—.

Zuria, viura eta malvasi mahatsez egina da, eta bere ligekin ondua. Beltza tempranilloz egina da, porlanezko deposituetan hartzitu eta bigarren urteko upel amerikar eta frantsetan ondua.

Baditu beste marka batzuk ere: Mendi, beratze karbonikoduna; Osaba, erdi ondua; eta beste partzelario bat: El Camino. Bikainak!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.