Maratila
Medea
Hendaiako Mediatekaren aintzinean nago esperoan. Euri zaparradak. Haizearen firundi hotzak. Iragarki batek dio: Un garage à vélos est à votre disposition derrière la Médiathèque. Eskuinetik, gutun kutxaren aho gainean, Boîte à livres izkiriatua. Bost gizaseme gipuzkoar iragaten ene ondotik batek euskaraz erraten didala «Aizu! ba al dago hemen taberna bat?». Elizondoan den Bar de la Poste seinalatzen diot. Badoaz alegeraki. Botak trenpatuak, goizegi jina naiz. Agerraldiaren afixan Itxaro Bordaren argazkia sweet argitan, irriz eguzkitan, kanpoan nonbait. Grezian ote? (Nemeako Zeusen tenploa eta hango mahasti landak bapatean jiten zaizkit gogora). Afixak dio agerraldiaren gaia dela «Medearen iratzartzea». Emazte batek behatzen dio afixari senarrari erranez: ¡Te juro que es hoy… ! Banoa barnera. Ezkerretik den gelan da agerraldia. Jendea heldu... Amalabek: On est venues voir Itxaro… ! Norbaitek:« Maddi Oihenart ere hor da ! »... Maddi, tunika blu ilunez, pashmina gisako lepoko luze azzurroz, eta harekin harmonian diren kristal bluzko petentekin, Jeremias Garat biolontxeloan, nola gitarra elektrikoan, nola gitarra klasikoan: bereganatua. Maddiren belusetazko boza. Aspaldiko eresien mediuma. Itxarok abots sendoz: «Ondikotz alabeharrez… aterbegabeak bilakatuko garela diote… larderiatu naute eta burua apaldu dut... Ez dut ezagupenik nahi… Ahantz dezatela ene poesia asoziala!... ». Salaren eskuinetik, terrazara ematen duen ate-leihotik, palmera hosto luzeak balantzaka eta arbolen eta etxeen atzean, itsaso zatitxoaren leinuru berdegris - berdeanisak. Olatuen zimur zuriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu