Egun hauetan zaila da koronabirusa ez den zerbaiti buruz hitz egitea. Mundua ia erabat gelditu da. Badirudi ez dela ezer gertatzen ari birus ospetsua albo batera utzita. Denbora bera izoztu ote den galdetzen diot batzuetan neure buruari. Baina ez. Denbora aurrera doa eta gezurra badirudi ere, hainbat eta hainbat gauza interesgarri suertatzen dira gure inguruan. Jendea etxean egon arren, martxan jarraitzen baitu munduak.
Azken zutabean, kontatu nizuen adimen artifiziala nola erabil zitekeen super-bakterioei aurre egiteko. Agian norbaitek egun hauetan pentsatu du ea ezin den antzeko zerbait egin COVID-19 madarikatua gainditzeko ere. Eta bai. Badira hainbat eta hainbat egitasmo bide horretan. Gure komunitatea martxan dago jada mehatxu berri honi aurre egiteko.
Bada Folding@Home izena duen proiektu bat, esaterako. Bertan, koronabirus mota ezberdinen proteinak nola portatzen diren aztertzen dute simulazio tekniken bidez eta baita adimen artifiziala erabiliz ere. Proteina horien portaera ondo ezagutuz gero, tratamendu berriak diseina daitezke, horrek izan ditzakeen onura guztiekin. Edonork parte har dezake lan horietan, beraien web orrian apuntatuz eta gure ordenagailuak erabil ditzaten utziz. Modu horretan, gure ordenagailua pizten dugunean, eta konputazio errekurtso guztiak erabiltzen ari ez garen bitartean, errekurtso horiek ikerkuntzarako erabiliko dituzte.
Beste adibide bat Kaggle plataformak antolatu duen lehiaketa da. Ezagutzen ez duzuenontzat, Kaggle plataformak lehiaketa pila bat antolatzen ditu adimen artifizialaren inguruan, gure arloa potentziatzeko asmoz. Koronabirus ezberdinen inguruan artikulu zientifiko pila bat daude. Azken hilabeteetan askoz gehiago argitaratu dira. Horren ondorioz, oso zaila da garrantzitsua den informazio guztia eskura izatea bai erabakiak hartzeko zein tratamendu berriak diseinatu eta probatzeko. Beraz, Kaggle plataformak datu base erraldoi bat jarri du denon eskura, adimen artifizialeko teknika berriak aplikatuz aditu batek behar duen ezagutza modu automatikoan lortzeko. Hau da, aditu horrek artikulu guztiak begiratu beharrean, adimen artifizial batek prozesa ditzala eta eman diezaiola eskatzen duen informazioa.
Harro esan dezaket lan egiten dudan ikerketa taldeko hainbat kidek taldetxo bat osatu dutela erronka honi aurre egiteko. IXA taldeak esperientzia zabala du lengoaia naturalen prozesamenduan, eta beraz, lehiaketa honetan eskatzen dena egiteko beharrezko ezagutza biltzen du. Azken batean, lehiaketa honetan berdin du nork irabazten duen. Helburua gizarteak irabaztea baita. Beraz, egin daitezkeen ekarpen guztiak ongi etorriak izango dira. Ezagutza tantaz tanta betetzen den udontzi erraldoi bat da. Eta koronabirusa menpean hartzeko badirudi oraindik ere tanta batzuk falta zaizkigula. Baina argi izan behar dugu ez dagoela beste biderik. Krisi honek zerbait argi utzi badu, hori da, jadanik nahiko argi ez bazegoen ere. Zientziarik gabe ez dugu lortuko konponbiderik.
Zientzia. ARGI ALDIAN
Martxan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu