Colleiteirok edo Bodega de Colleteirok zein Adega de Colleteirok Galiziako upategi mota bati egiten dio erreferentzia, gaur egun Ribeiro jatorri-izenean baino ez dagoenari.
Ribeiron Colleteiro moduan agertzeko, 60.000 botila baino ezin dira ekoiztu, asko jota, eta betiere mahats propioa erabilita, hau da, ezin da ardorik egin beste mahastizain batzuei erositako mahatsarekin.
Colleteiroak, gehienetan, upategiko jabeak izanik, ekoizpen ziklo osoaz arduratzen dira; mahastia zaindu, ardoa egin, eta, azkenik, merkaturatzeko ardoa botilatu.
Manuel Formigoren aitak, Agustin Formigo Rañak, Señorio de Beade upategia sortu zuen eta Manuelek 2006an abiatu zuen Colleteiroproiektu propioa; beste hainbat mahastizainek bezala, hark ere interes berezia erakutsi du barietate minoritarioak berreskuratzeko.
Beade udalerrian ditu sei hektarea mahasti, zazpi lursailetan banatuta. Avia ibaiaren eskuinaldeko ertzean ditu mahastiak, oro har orientazio bikainarekin, ia egun osoan eguzkiak ematen duen tokian, gehienak lur granitikoetan —sabrego moduan izendatzen dituzte lur horiek bertan—. Lursailik garrantzitsuena Miñoteira deitzen da eta bertan dago 2013an eraikitako upategia. 2,5 hektareatan zapaldetan kokatuta dagoen mahastia da Miñoteira, ipar-hegoalde orientazioarekin eta berrogei bat urteko treixadura mahatsez osatuta. Pousos lursaila ere azpimarratzekoa da. 0,8 hektarea baino ez dira, duela urte gutxi batzuk landatuak; mahats beltzak daude hor, caiño, tintilla, ferrol, souson edota brancellao, eta gaur egun caiño zuria ere gehitu zaie.
Ribeiron ohikoa den bezala, hor ere ardo gehienak mahats desberdinen arteko nahasteak dira, betiere treixadura mahatsa ardatz hartuta.
Altzairu herdoilgaitzetan lantzen dira ardo guztiak, aukeratutako legami neutroekin, eta ez dituzte ligekin lantzen. Ardoak otsail-martxotik eta ekain-uztailera arte botilatzen dituzte. Ardo gama altuenekoak abuztuan merkaturatzen dira.
Formigo ardoa da upategiaren oinarria. Finca Teira treixadura, torrontes eta godellorekin batera eginiko ardoa da, baina datozen urtaldietan caiño zuria ere gehituko diote nahasteari.
Teira X da upategiko treixadurarik zaharrena, eta loureiro, albariño eta alvilla mahatsak nahasita egiten dute.
Baina upategiko ardorik interesgarrienak, nire ustez, 2014an hasitako mahats mota minoritarioekin eginiko ardoak dira: Cholo, loureira mahatsa soilik erabiliz egina, eta Tino, alvilla mahatsez eginiko monobarietala.
Finca Teira beltza ere egiten dute, caiño longo (%70) eta souson eta brancellaoz (%30) osatua.
Aniztasuna eta bitxikeriak.