Predikutik praktikara. Bere burua definitzeko premi obsesiboa sentitu ohi du Carles Francinok, SEReko La Ventana saioan. Ekidistantea dela dio, bi blokeetatik at. Ezinbestekoa omen da bi muturrekoei ahotsa ematea, kazetaritza zintzoki egitekotan. Espainiako komunikabide bateko langile den katalana izaki, ahal duen oro helarazten du mezu subliminala: oso sentibera da gatazkarekin. Azken hilabeteetan makina bat kazetari, soziologo, politologo, kulturgile... gonbidatu, baina horietatik independentziaren aldeko arrazoiketa egin duen bakar bat topatzekotan, mikroskopioez behar luke izan.
Radio Lindo. Francinok Elvira Lindo idazlearekin (Manolito Gafotas irrati eta literaturako pertsonaiaren sortzailea) solasaldia dauka ostegunetan, Radio Lindo izeneko atalean. Kataluniarrak espainiar izaten segitzeko saiakera patetikoa egin zuen bikoteak azkenekoan. Zera zioten: katalanek eta gainerako espainiarrek hamarkadetan elkarrekin makina bat erreferentzi kultural eta sentimental partekatu ditugu; 36ko gerraosteko gosea, Capitan Trueno, Garcia Lorca... Eta orain, zuek, bi miloi eta gehiago katalanek, lotura afektibo horrekin hautsi nahi duzue? Lorca irakurtzeari utzi egingo diozue? Hartzazue Serraten jokabide eredugarria, katalanez eta gaztelaniaz kantatzen du eta Espainiakoa sentitzen da. Enfin, tokitan gaude irrati esatari ekidistantez mozorrotutakoek era horretan erakarri nahi baldin badute inor, burujabetzarako nahia karikaturizatuz eta kultur mailan trogloditen pare jarriz...
Debekatutako dominak. Francinok begiz jota eduki ditu egunotan Espainiako Kultur Ministerioak banatu Arte Ederren urrezko dominak. Echanove aktorea eta Perales kantaria elkarrizketatu ditu, eta Chiquito de la Calzadagatik arrangura azaldu, saria postumoa delako. Azken hamarkadetako sarituen zerrenda ikusten aritu da goitik behera, baina oharkabean pasa zaio datu bat: sariketa debekatutako eremua gertatzen da euskaraz edo katalanez diharduten kulturgileentzat. 1989raino joan behar dugu, Joxe Migel Barandiaran topatzeko. Akaso, hor aurki dezake gakoetako bat, ulertzeko Espainiak nola jokatzen duen berea ez den hizkuntza eta kultura batean bizi nahi duten periferiako gizarteekin, eta ulertzeko horiek Espainiarekiko politikoki bizi duten desafekzioa.
UHINETATIK TIRAKA
Manolito Gafotasen logika
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu