Lucien Etxezaharreta.
Maratila

Manex gogoan

2014ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Manex Erdozaintzi Etxart ehortzi zuten maiatzaren 1ean, duela 30 urte zuzen. Hain maitatua zen pertsona hark utzi gintuen, lanak itoa hil zelarik. «Gue Mañex», zioen Arño Harispuru Ibarlako auzapez ohiak bere herritarraz mintzatzean. Donapaleuko frantziskotarren etxean edo gau eskoletan edo Domintxaineko Rafforttoenean zuen egoitzan halako distira batekin bizi zenak 50 urtetan mundu hau utzi zuen.

Hinki hanka deitu zuen bere lehen poema bilduma liburua, urte batzuk lehenago argitaratu zuena. Apaltasunez betea zen gizon hark errespetu handia ekartzen zion bere herri langileari, horren izerdiari. «Gerlari ohiak», gure pentsaera hainbeste mindu zuten «anciens combattants» horiek, papoak medelekin, frantses banderaren inguruan beren urteko bazkaria ospatzen zutenak azaroaren 11n, modu hunkigarrian ereaipatu zituen.

Har dezagun gogoan ere Gure etxeko haritza, bere poema ederra. Sustraietarik zeruraino igan zen zuhaitza, aterbe eta itzal banatzaile zena, edozein mundutarrentzat bezala etxeko bazterrak markatzen zituenak, biziaren muga jo baitzuen behin. Haritza lurreratu eta ere bazeukan eskaintzekorik: bere abarrak suaren pizteko eta etxearen berotzeko, bere enborra ere taule azkarren egiteko eta altzariekin etxea apaintzeko. Biziaren itzulia egin zuela haritzak, gu bakoitzari eginbide zaigun bezala.

Beste batzuen gisara, Manex gogoan atxiki dezagun, bizitzeko gogo pizgarria eskaintzen baitigu, herritarretarik hurbil egonez, geroa asmatuz eta hinka hankako ibilmoldeetarik zutik jarriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.