Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Mandatua

2012ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Gaur zen eguna, bai. Gaur aldarrikatu behar nuen Lizarrustihistango Errepublikaren independentzia. Lau haizetara esan Lizarrustihistan jaio dela, estatu berri bat Europan, Vatikanoa bezain txikia, Andorra bezain menditsua, Liechtenstein bezain ahoskaezina. Paradisu txiki bat, kobazuloz, landarez eta gazta tartaz betea.

Gaur zen eguna, bai, halaxe agindu baitzidaten bertako biztanleek, «Hi, Xabi, heuk egin ezak, hik egunkarian idazten duk, heu haiz aproposena». Eta nik harro hartu nuen mandatua, mandatu garrantzitsua bere txikian, historikoa bezain erraza. Azken batean, erreza baitzen nik egin beharrekoa: Lizarrustihistan independentea zen de facto, baina munduari jakinarazi behar zitzaion.

Alabaina, damutzen hasia naiz. Batik bat, Alaman koronel espainiarraren mehatxuak iristen hasi direnetik. «Independentzia? Lehenago hil beharko nauzue, gaituzue, milioika baikara Espainiako batasunaren alde odola emateko prest gaudenak».

Diotenez, dagoeneko prest dituzte tankeak.

Lizarrustihistandar maiteok… barkadazue… itxaropena zenuten niregan, baina kikildu naiz mukizu bat nola. Huts egin dizuet.

Koldar hutsa naiz.

Hori bai, ondo baderitzozue, itun fiskal berri bat negozia dezaket. Ez gara independenteak izango, baina Mari Puriren gazta tarta jaten jarraitu ahal izango dugu.

Oraintxe bertan deituko diot Artur Mas presidenteari, esperientzia baitauka horrelakoetan.

Ez… Kasik hobe da zuzenean Urkulluri berari deitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.