Mikel Zumeta.
HERTZAK

Mamu numerikoak

2022ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Ssakelakoan Youtube piztu, eta Le Blast Frantziako web tv independenteak kaleratu duen Infernet saio berriaren atala ikusteko prest nago. Telebistara igortzea erabakitzen dut, harrikoa egiten dudan bitartean entzuteko. Telebista pantailak, ordea, edukiak gai hunkigarriak eta suizidioa jorratzen dituela dio, eta ea ikusteko prest nagoen galdetzen dit. Ez dago modurik telebistan baiezkoa sakatzeko; hortaz, edukia ezin da igorri, eta sakelakoan izan beharko da.

Infernet Internet eta sareen inguruko saio berezia da. Ikerketa, entsegua eta hausnarketa uztartuko dituen ikus-entzunezko lan aparta da. Pacome Thiellement idazle eta sortzaileak aurkeztutako berebiziko hausnarketa lana. Sareetan murgildu eta kode binarioaren amaraunean matematikaren logika deterministaren ukazioa burutuko du. Bat gehi bat ez baitira bi soilik.

Ura txorrotatik behera isurtzen da platerak garbitzen ditudan bitartean, eta Pacome entzuten dut; mamuez, birtualitateaz, maitasunik ezaz, desirez, ukapenez, merkatuaz. Facebookez, Twitterrez, Youtubez eta adimen artifizialaz ari zaigu. Instagramez eta kontsumo gizarteaz. Gu geu gara salgaia, eta erosle, ikusle eta izar, zelatatua eta zelataria. Pacome mamu bat da egongelan, sakelakotik irteten den ahotsa, egunotan bizi dugun antropozeno digitalak dituen gako tranpatiak azaltzeko abatarra.

Infernet-ek sei atala mamitsu kaleratu ditu dagoeneko. Bertan Marina Joyce, Gabby Petito, Nikocado Avocado eta TAY adimen artifizialaren aferak landuko dituzte, besteak beste. Dagoeneko Interneteko mitologiaren parte bilakatu diren auziak aletu dituzte. Gizarte garaikidearen erradiografia digitala proposatzen du, bidean, prozesu metodologiko gisa, espiritismo saiotik hurbil dagoen bitartekoak erabiltzeko. Guztia ez baita begi-bistan dirudiena. Irudia ez baita irudikatua dena, pertsona ez da haren abatarra, medioak mezua baldintzatuko duelako. Elkarreraginak, bizkorrak, askotarikoak eta inolaz ere agerikoak ez direlako.

Internet infernutik hurbil egon daitekeelako, eta geure egunerokotasuna geroz eta modu basatiagoan sareengatik inbaditua dagoelako da ezinbestekoa saioa. Hezur mamitan errealitateari aurre egiteari gero eta erraztasun handiagoz izkin egiten dion gizartea ispiluaren aurrean jartzeko ariketa ezin hobea. Nor dago bestaldean? Lagunkoia al zara?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.