Lide Hernando.

Maitasuna, urtean behin

2024ko abenduaren 26a
05:00
Entzun

Ez dut gustuko izaten telesail baten atalak astean behin ikustea; azken finean, hainbeste gauza ikusten baititut astean zehar, ezen ezinezkoa baitzait zazpi egunetik behin ikusten dudan zerbaiten hariari ondo jarraitzea. Alde horretatik, nahiko maratoizalea naiz, egunero telesail beraren pare bat atal ikusi behar ditut istorioan ondo murgiltzeko. Beraz, atal guztiak Movistar+ plataforman egon arte ez dut Rodrigo Sorogoyen, Paula Fabra eta Sara Canoren Los años nuevos ikusi nahi izan.

Irrikaz nengoen Sorogoyenek partzialki sortu duen telesail berria ikusteko. Berak egindako guztia iruditzen zait soberako kalitatekoa, eta lanez lan bere lengoaia perfekzionatu duela iruditzen zait. Egia da, ordea, gaiaren arabera lanen bat bestea baino gustukoagoa izatea ere normala dela. Que Dios nos perdone, El reino, Antidisturbios edota As bestas lanetan thrillerra jorratu badu —poliziakoa, politikoa, soziala edota erruralagoa izan, lan horiek guztiek antzeko kodeak mantendu dituzte—, esan liteke oraingo honetan bere lehenbiziko lanetako batera, Stokholm filmera, apur bat gehiago gerturatu dela berriz ere. Los años nuevos telesailak maitasun harreman baten eguneroko gorabeherak kontatzen ditu, finean, eta hain dira errealak, ezen zure bi lagunen istorioa pantailan ikusten ari zarela ematen baitu. Horren errua, noski, protagonista diren bi aktoreena da hein handi batean, Francesco Carril eta Iria del Rio; baina baita gidoiarena eta hiru zuzendariena ere, ongi baitakigu ez dela aktore bikainik zuzendaritza eta testu onik gabe. Atal bakoitza Urtezahar eta Urteberri egunen artean gertatzen da, eta urtez urte egiten du aurrera beti, hain justu etxean honen aurretik ikusi genuen One Day ederrak bezala. Antzekoak diren arren, lengoaia aldetik nahiko ezberdinak dira biak; Los años nuevos-en, Sorogoyenek ohituak gaituen estiloari jarraituz, errealismoa muturreraino eramaten da.

Eta identifikatuta sentituko zara, hunkitu eta haserretu egingo zara pertsonaiekin, eta haiekin gelditu nahiko duzu Madrilen, Berlinen edo Lyonen. Lan bikaina, berriro ere, madrildarraren eskutik, nahiz eta aitortu behar dudan beti izango naizela thrillerraren zaleagoa. Antidisturbios telesailak niregan eragin zuen inpaktua berdintzea oso zaila da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.