Roberto Sarriugarte
Elikadura. Ardoxka

Mahasti kulturalak

2012ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Rafa Bernabe da Bodegas Bernabe Navarro upategiko burua eta arima. Upategi gaztea bezain bikaina, Alacanteko Villena herrian dagoena. Inguruarekiko errespetuzko mahastizaintza du oinarria upategi horren arrakastak. Hori eta monastrella eta kanpoko zenbait mahats, konplexuak alde batera utzita, lan egitean.

Oinarrizko ardoa Beryna bada ere, bada Casa Balaguer ere, eta batez ere, Beryna Seleccion, upategiko izartzat har daitekeena eta laster Curro ardoak ordezkatuko duena.

Baina azken urteotan upategiko ardo aukera asko handitu da, eta ezin utzi aipatu gabe Parque Natural ardoa, Torrevellan, mahasti zahar batzuen mahatsa oinarri dutela. Gazitasun bitxi bat du ardo horrek.

Baina Rafa Bernabe ez da geldirik egoten diren horietakoa, eta proiektu berri batean dago sartuta azken bi urte hauetan: Viñedos Culturales. Momentuz proiektu horretako ardo guztiak monobarietalak dira. Mahatsek Finca Usaldon lursailetan dute jatorria, upategitik gertu. Baita Matako Parke Naturalean ere; hori ez dago hain gertu upategitik.

Proiektu honetan muturreko mahastizaintza landu nahi dute eta ardoztatzean gizakiak ahalik eta parte hartze txikiena izatea, ia sulfurosoa gehitu gabe, intsuldaketarik gabe, legamia autoktonoak erabiliz, ez entzimarik, ez bakteriorik, ez klarifikazio, ezta iragazpenik ere.

Beraz, mahastizaintza muturrekoa bada, ardogintza ere muturrekoagoa da, inongo zalantzarik gabe.

Mahastiak oso zaharrak dira, lur harkaiztsuetan hasten dira, eta ia ez dute materia organikorik. Desagertzear dauden mahatsak ere badira; forcayat, rojal, garnatxa eta garnatxa iletsu pixka bat eta monastrell oso zaharra, besteak beste.

Proiektu honetako lehen ardoa La Amistad 2010 izan zen, eta geroago iritsi ziren Los Cipreses de Usaldon 2010, beltza, eta beste bi zuri, El Carro 2010 etaLa Viña de Simon 2010. Eta badira beste monobarietal batzuk ere:forcayat, garnatxa, eta monsatrellez eginak, eta monastrellez egindako ardo gozo bat ere bai.

Ardoek izugarrizko izaera dute; bakanak eta nortasun handikoak dira. La Amistad, adibidez, rojal mahatsak ematen dion izaera propio eta bitxia du. Los Cipreses de Usaldón, berriz, oso ondo perfilatutako ardoa da, garnatxa iletsu bikainaren isla, garbia, zuzena eta fruta ugariduna. El Carro, berriz, moskatelez eginikoa izanagatik, ez da moskatel tipiko horietakoa; ohiko oparotasuetatik ihesi, fintasuna lortu nahi du. Baina denetatik harrigarriena La Viña de Simon da, zalantzarik gabe, merseguera mahatsez egina. Ez da oso ohikoa, ez, mediterranear ardo batean halako freskotasuna eta nerbioa aurkitzea. Bikaina benetan.

Baina badira beste ardo batzuk ere: Feng Shuitxinatar filosofian oinarriturik... Baina hori beste batean kontatuko dizuet.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.