Koldo Nuñez Betelu.
Ezarian. Zientzia. Argi Aldian

Lurrikara handien zelatan

2012ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Urtebete da Japonian izugarrizko indar handiko lurrikara gertatu zela, 9,0koa Richter eskalan. Erabat ezohikoa izan zen lurrikara indarra, oso gutxitan iristen baitira seismoak maila horretara. Japonia prestatu samar dago lurrikarei aurre egiteko, betiere uste baino gutxiago, eta iazko lurrikarak berak ez zituen kalte zuzen handiak sortu. Kalteak, gehienbat, lurrikararen ondorioz altxatutako tsunamiek eragin zituzten. Olatu horien maila ez zegoen aurreikusita; kalkuluek huts egin zuten, eta ausardiaz eraikitako hainbat egitasmo, esaterako Fukushimako zentral nuklearra, oso kaltetuak izan ziren. Ondorio latzak ekarri zituzten, azkenean, aurreikusi gabeko lurrikarak eta tsunamiek, inork espero ez zituenak.

Japonian bezala, Kalifornian maiz gertatzen dira seismoak, eta noizean behin lurrikara handi batek astintzen du eremua. Printzipioz,AEBak prestatuta daude etor daitekeenerako, neurri batean behintzat. San Andreseko failak aspaldian ez du lurrikara handirik eragin, eta edozein unetan gerta daiteke maila altuko bat. Japoniarenaren oso antzekoa da egoera. Hala ere, inork ez du espero 9,0 mailako lurrikara gertatzea azken mendeotan ez baitira horrelakoak izan. Lurrikaren aurrean hainbat neurri hartu dituzte AEBetan; ez, aldiz, tsunamien aurrean, eta horiek ere gerta daitezke. Ez dira ohikoak kostalde horretan, baina San Andres faila itsasoan barna sartzen da, eta han ere gerta daitezke mugimendu indartsuak eta ondoriozko tsunamiak. Argi dago Kaliforniako kosta erraz suntsi dezakeela tsunami batek. Horren aurrean oso neurri gutxi hartu dira, ordea.

Orain arte aipatu ditudan bi eskualdeak, plaken ertzetan dauden eskualde sismikoen adibide pare bat baino ez dira. Horrelako beste hainbat daude munduan: Txilen, Sumatran, Haitin eta beste hainbat tokitan. Baina lurrikara indartsu guztiak ez dira horrelako eskualdeetan gertatzen. Gehienak bai, baina ez guztiak.

Nuevo Madriden, 1812ko otsailaren 7an oso lurrikara indartsua gertatu zen, 7,5 eta 8 arteko maila izan baitzuen, azken mendeotan AEBetako ekialdean gertatu den indartsuena, alegia, Kaliforniako indartsuenen parekoa. Missouriko herri txiki bat zen Nuevo Madrid eta hala segitzen du izaten. Duela bi mende oso aste gutxian lau lurrikara indartsu gertatu zirelako da ezaguna herria. Gainera, mila erreplika baino gehiago sentitu ziren hilabete haietan. Otsailaren 7koa hain izan zen indartsua, ezen 130.000 kilometro koadroko eskualdean sentitu baitzen indar handiz, bai eta AEBetako erdialdean eta ekialde osoan ere. Konparatzeko, San Frantziskoko 1906ko lurrikara, modu indartsuan sentitu zen soilik 16.000 kilometro karratuetan. Lurrikararen ondorioz, Mississippi ibaiak denbora tarte batez kontrako norabidea hartu zuen, beste bide bat sortu eta oraindik dagoen laku bat eratu uholde handien bitartez. Garai hartan, bertan oso jende gutxi bizi zen, eta kalte pertsonalak oso eskasak izan ziren. Dena den, lurrikarak oso gogor astindu zituen lau estatu, eta eragina ehunka milaka kilometrotara sumatu zen. Izan ere, Boston eta Torontoko hainbat elizatako ezkilek bakarrik jo zuten lurrikararen dardararengatik, eta Washingtonen kalteak gertatu ziren hainbat eraikinetan. Egun gertatuko balitz, kalte izugarriak, inoiz ezagutu diren handienak sorraraziko lituzke Alabama, Arkansas, Illinois, Indiana, Kentucky, Mississippi, Missouri, eta bereziki Tennesseeko estatuetan. Areago, Saint Louis, Missouri eta Memphis, Tennessee, erabat suntsituta geratuko lirateke. Antza, %10eko aukera dago hurrengo 50 urteotan gertatzeko, baina, egia esan, ezer gutxi dakite sismologoek ziurtasunez eta edozein momentutan gerta daiteke.

Nuevo Madrideko lurrikarak plaka barruko faila sistema batean gertatu izan dira. Duela 750 milioi urte, bertan hasi zen plaka bitan zatitzen ozeano berri bat sortzeko, baina prozesua eten egin zen. Orduko failak baina, oraindik aktibo daude. Horrelako faila-sistemak ezezagun handiak dira, eta ezusteko gaizto asko eman ditzakete. Munduan horrelako hainbat daude, baina gehienetan ikerketa sakon gutxi egin dira. Japonian ezustean gertatu zen iaz seismo ikaragarria, baina antzera gerta daiteke munduko beste hainbat tokitan, inork espero gabe. Hala ere, ez gaude prestatuta. Agintariek geologia pixka bat ere ikasi beharko lukete erabakiak hartu aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.