Udako oporrak gainean, honezkero hasiko zineten nora joan, norekin, nola, zertarako eta zergatik, buruari bueltaka. Zera, eta etxean geratzen bagara eta tarteka txango txiki eta merkeren bat egiten? Sakelak emango al digu aurtengoan aukerarik urruneko paradisuetan galtzeko, kontzertuz kontzertu eta jaiez jai uda hara eta hona gelditu gabe igarotzeko...
Aurtengoan, atzerriko iparraldean edo iparraldeko atzerrian bizi den lagun minaren alboan egun polit eta goxo batzuk igarotzeko aukera izango dut, zorionekoa neu. Horretarako, jakina, low cost hegaldien aukerak bilatzen aritu naiz, nork merkeago, Interneteko agentzia deshumanizatu bitxienak ere goitik behera arakatuz. Eta lortu, lortu dut joan-etorriko txartel merke horietako bat. Beno, merkea baino gehiago, ez hain garestia.
Low cost-ekoa zela eta, ez zen zuzenekorik, bi hegaldi beharko nituen lagunarengana heltzeko, eta beste bi itzultzeko. Guztira, lau hegaldi. Arazorik ez. Beno, bai, arazoa... zera, hegaldi bakoitzerako txartel bat erosi eta ordaindu beharra! Nola, hegaldi bakoitza banan-banan erosi? Noiztik da horrela? Orduan konturatu nintzen orrialdearen ziri edo iruzurraz. Alegia, hegaldi bakoitzaren hasierako prezio ustez merke horri, poltsagatik, kreditu txartelarekin ordaintzeagatik eta besteak beste aireportuetako zergengatik, beste pila gehitu behar izan nion hasierako prezio merke hari. Lau zerga, imajinatu. Aurpegi gogorrok, eta konturatu orduko, nire bidaiaren low cost prezioa, bikoitza.
Aio, lagunok, uda ona izan eta kontuz gero low cost eta beste merkealdi tentagarri horietako hizki txikiarekin!

Maratila
'Low Cost'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu