Martxoak 19, 50 urte, Evian-eko Hitzarmena, bakea Aljerian... Krim Belkacemen irria Leman aintziraren bazterrean, frantses negoziatzaileen mutur hitsa... Badirudi atzo zela, alabaina, gogoan direlarik orduko berriak. Gertakari horien ingurumena, hiru hilabete eta erdiren buruan independentziarako erreferendumera eramanen zutenak, aipu dira, asko. Zorigaitza margotzen dutela, ikusten delarik botere politikoen ezintasuna bakearen eraikitzeko. Eta hainbatetan errepikatua ikusten duguna, gezurrean oinarritzen diren gaurko hainbeste aipamen eta deklaraziorekin.
Ohargarri da nola orduko lekukoek ez zuten ezer ulertzen egoerari. Armadako buruzagi nagusietarik hein apaleneko bidasse hura arte zioten gerra «irabazia» zutela. Soldaduen arazo bakarra zen nardatuak zirela, etxetik hain urruti 28 hilabetez egoteaz eta la quille delako soldadu desmobilizatuen birla ikur hura nahi zutela. Guri gezurra saka ahala botatzen ziguten, hilak eta basakeriak ezkutatuz. Herra bai sentitzen genuen, eta ez nuen ulertzen Martzel-ek handik landa zioena, arabe bat ikusi zuelarik Bordeleko geltokian etxera itzultzean, «haren erailtzeko gogoa» zuela! Zergatik ere ene Lizeoko lagun arabe bat, altabada frantseszale zena, bestek akatu nahi zuten izugarrizko gorrotoa erakutsiz. Hitz bat entzun genuena ere «autodeterminazioa»: aitamek ez zuten inoiz ulertu zer zen hori.
Osoki bestela egiten ahalko zen gutiengo batek ez balu dena nahasi. 600.000 hil, hainbeste preso, tortura jasan duen herria maitatu behar dela zeren eta Libertatea jokoan baitzen. Hala ere, lore beltz batekin bihotzean gaude.
Maratila
Lore beltz bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu