Gaixotasunen oinarriaz hitz egitean, geneez eta proteinez aritzen gara sarri, eta gutxiagotan aipatzen ditugu lipidoak (gantzak). Adibide bakanetako bat kolesterola izan daiteke. Ziur inoiz entzun duzula odoleko kolesterol maila altuak aterosklerosia edo bihotzekoak izateko arriskuarekin erlazionatzen direla. Bada, azken ikerketen arabera, badira kolesterolaz gain beste lipido misteriotsu batzuk gaixotasun kardiobaskularren garapena zehatzago aurresateko gai direnak.
Ez da erraza lipidoak ikertzea. Elhuyar hiztegiaren definizioaren arabera, «oso talde heterogeneoa osatzen dute (...) disolbatzaile apolarretan oso ondo disolbatzen dira», eta horiek dira, zehazki, zailtasunaren arrazoia: uretan disolbaezintasuna eta aniztasuna. Dena den, teknika berriei esker, azken urteotan esfingolipido deituriko lipido talde misteriotsu batek osasun egoeran eragin nabarmena duela jakin ahal izan da. Lehen esfingolipidoak aurkitu eta izendatu zituen ikerlariak esfinge baten izaera hartu zien, inork ebatzi ezinezko asmakizuna zirelakoan. Zorionez, pixkanaka beren funtzio biologikoak argitzen doaz eta hasieran egitura funtzio soila zutela pentsatzen zen arren, orain badakigu askoz ere prozesu konplexuagoetan hartzen dutela parte. Hala nola zelulen hazkuntza, heltze, heriotza edota migrazio prozesuak erregulatzen dituzte.
Esfingolipidoak, kolesterola bezala, dietatik eskura ditzakegu edo gure gorputzean sor daitezke, beste aitzindari batzuetatik abiatuta. Hainbat saio klinikotan frogatutzat eman denez, esfingolipido mota zehatz batzuen odoleko kontzentrazioek osasun arazoak aurresateko gaitasun hobea izan dezakete kolesterol kontzentrazioak baino. Dena den, odol analisiak egiteak konplexutasun handia du; izan ere, esfingolipidoek odoleko lipidoen %5 soilik osatzen dute, eta gaixotasun kardiobaskularrak aurreikusteko horien azpitalde baten (zeramidak, odoleko esfingolipidoen %3) azpitalde oso zehatz bat kuantifikatu behar da. Horretarako masa espektrometria erabili behar da eta, oraingoz, teknika hori ez dago ospitaleetako odol analisiak burutzeko erabilgarri.
Arazoak arazo, esfingolipidoen ikerketak aurrera jarraitzen du, eta, adituek diotenez, beste hainbat gaixotasunekin ere zerikusia izan dezakete. Gaur-gaurkoz, 2 motako diabetesaren, obesitatearen eta gibel gantzatsu ez-alkoholikoaren garapenarekin erlazionatu dira. Aipaturiko prozesu patologiko horiek guztiek elikadurarekin lotura zuzena izatea ez da kasualitatea; izan ere, jakina da elikadurako lipidoen soberakina esfingolipidoen bide metabolikoetara bideratzen dela. Beraz, elikadura bidez barneratzen ditugun lipidoek eragin nabarmena dute odoleko esfingolipidoen kopuru eta konposizioan eta, ondorioz, gure osasun egoeran. Orain arte aztertutakoaren arabera, odoleko kolesterol kontzentrazio altuen aurkako gomendioek (elikadura egokia, ariketa fisikoa eta kolesterolaren sintesia inhibitzen duten farmakoak) lagun dezakete esfingolipido maila osasuntsu bat izaten. Alabaina, esfingolipidoen metabolismoa erregulatzeko farmakoen garapena ere abian da.
Odoleko esfingolipidoek gaixotasunak aurresateko ahalmen handia dute, nahiz eta, gaur-gaurkoz, kuantifikazio hori burutzea konplexua izan. Hala ere, teknologiaren garapen azkarra ikusita, nork jakin! Agian gaur entzun duzu lehen aldiz esfingolipido hitza eta urte batzuk barru arrunta egingo zaigu senide bati entzutea: «Medikuak elikadura zaintzeko esan dit, odoleko esfingolipidoak altu ditut-eta».
ARGI ALDIAN
Lipido misteriotsuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu