Jose Ramon Bilbao
ARGI ALDIAN

Ligatzeko genetika

2023ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Bikotekidea izan edo gau bateko ligea izan bilatzen ari garena, datuen analisirako algoritmo konplexuak darabiltzaten online plataformek gure beharrizan sozial, erotiko edo erromantikorako match egokia aurkituko dutela agintzen digute. Teknologiak ligatzeko aukera infinituak atzamar puntan jarri dizkigula pentsa liteke, eta erabiltzaile kopuruari begiratuta, bistakoa da ligatzeko aplikazioek izan duten arrakasta. Hala ere, hainbat ikerketak erakutsi dute errealitatea oso bestelakoa dela: lehen zitaren arrakasta-tasa txikia izaten da, eta, gainera, erabiltzaileek egunero 90 minutu pasatzen dituzte plataforman bilaketak egiten, ligatzeko aplikazioaren akidura izeneko portaera-asaldura garatu arte.

Badago bikotekide perfektua identifikatzeko falta den informazioa genetikak ekar dezakeela pentsatzen duenik, eta azken urteetan horretarako DNA profilak erabiltzen dituzten aplikazioak merkaturatu dira. Gaixotasunekiko arriskua edo jatorri genetikoa kalkulatzen dituzten 23andMe edo Ancestry plataforma komertzial ezagunen antzera, etxean hartutako listu laginaren DNA aztertu eta hainbat aldaera genomikotan oinarritutako parekatzea egin dezakete Pheramor edo DNA Romance moduko aplikazioek. Programak erantzun immunitarioan parte hartzen duten hainbat gene alderatzen ditu, eta desberdintasun handiena duten pertsonak lehenesten ditu bikotekide egoki modura. Irizpide horren atzean dagoen ideiak badu, teorian behintzat, nolabaiteko sinesgarritasuna, eboluzioak aniztasuna hobesten baitu eta oso desberdinak diren gurasoen seme-alaben sistema immuneak arrakasta handiago izango luke infekzioen aurkako borrokan. Erantzun immunea eta erakarpena lotzen duen lehen ikerketa 1976an argitaratu zen. Bertan, sagu arrek erantzun immunitarioa abiarazten duten MHC gene familia aldakorreko alelo desberdinak zituzten emeak aukeratzeko joera zutela ikusi zuten, eta arrek desberdintasun genetiko horiek usaimenaren bidez antzematen zituztela frogatu zuten. Izan ere, oso aldakorrak diren usaimen-hartzaileen gene familia MHC-tik oso gertu dago genoman, eta gene horiek guztiak batera heredatzen dira. Hogei urte beranduago, hipotesia gizakian frogatzeari ekin zioten, kamiseta izerdituaren azterketan. Saguek bezala, emakumeek izerdiaren usainaren arabera aukeratutako gizonek haiekiko desberdintasun genetiko handiena zuten. Feromonak omen dira erakarpena eragiteko gai diren molekula usaintsu horiek, baina orain arte behintzat, ez da halakorik aurkitu giza izerdian, eta kamiseta izerdituen ikerketa ez da berriro errepikatu.

Genetikak elkarrenganako erakarpenean zerikusia izan dezakeela ukatu gabe, komunitate zientifikoak zalantzan jartzen du egungo test horien fidagarritasuna, eta ikerketa sakonagoak eskatzen ditu genomaren ekarpena zehaztu ahal izateko. Horiek etorri arte, fenotipoan oinarritu beharko dugu gure aukeraketa: itxura fisikoan, umorean, inteligentzian, zaletasunetan, gustuetan... ezaugarri horien guztien atzean genotipoa ere badagoela jakin arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.