Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Lau puntu eta erdi

2012ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Ezaguna da gurean ezer egiteak izerdi, komeria eta disgustuak ekarri ohi dituela. Are, esan genezake gurean ezer egiteak izerdi, komeria eta disgustuak baino ez dituela ekartzen. Esate batera, inork egindako proposamen bati berandu baino lehen egingo diote kontraproposamena, eta kontraproposamen horrek are lehenago izango du kontrakontraproposamena. Inoiz pentsatzera iritsi naiz egiten den edozein proposamen berri ere azken kontraproposamenari egindako kontrakontraproposamena besterik ez dela. Tira, animoa behar dela gurean ezer abian jartzeko.

Sentsazio bertsua izan dut atzo aurkeztu zen Bost puntu ekimenarekin. Jakingo duzue honezkero —eta bestela, xehe-xehe aurkituko duzue informazioa zutabe honen azpiko berrian—: EITBko langile talde batek bost puntuko testu bat idatzi du kalitatezko EITB independente baten alde. Bost puntuok laburtuz —berria ere irakurri nahi ez duen alferrarentzat—, esan, publikoaren zerbitzuko EITB bat eskatzen dutela testuaren izkiriatzaileek, euskarari lehentasuna emango diona, independentea, kalitatezkoa eta euskal kultura bultzatuko duena. Atxikimendua eman dezake nahi duenak, gainera, Bostpuntu.com helbidean.

Baina nik ez dut sinatu. Eta ez Cristiano Ronaldok bezala Real Madrileko kamisetarik ez duenari sinatzen ez diodalako. Bost puntuetako lehenak egin dit kirrinka. Halaxe dio: «EITBk euskal herritarren zerbitzuko erakunde publikoa izan behar du, euskaraz eta gaztelaniaz kalitateko programazioa eskainiko duena, ikusleekiko begiramenduna eta plurala, interes publikoari bideratutako edukiekin, produkzio propioaren bidez, gainerako kate publiko eta pribatuekiko zeregin orekatzailea izango duena». Eta ados nago, baina erdiarekin. Gaztelaniazko telebista bat diru publikoz elikatzeko eskaera ezin dut egin: hasteko, teleikusleak aseturik duelako behar hori—eta, ondorioz, ez litzatekeelako zerbitzu publiko—. Baina, batez ere, gaztelania eta euskara elkarrekin dituen etxe batek, borondate onena ukatu gabe, beti hartuko duelako azkenerako gaztelaniaren aldeko jaidura.

Orain ulertzen dut talent show horietako epaimahai onberak zer sentitzen duen: nahi nioke ekimenari atxikimendua adierazi, baina bost puntuetatik lau eta erdirekin nago ados; hori bai, ehuneko ehunean. Lastima erdi hori negoziaezina izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.