Aspalditik buruan dabilkigun ideia da beste bizidun batzuek zer «esaten» duten ulertzea. Zer esango ote diote elkarri? Eta nola? Animalia espezie batzuk asko ikertu dira gai horren bueltan, primateak eta zetazeoak, esaterako. Eta landareak, zer? Esaten al diote zerbait elkarri?
Landareak ere mugitzen dira, eta haien inguruarekin elkarrekintza sendoak dituzte. Badirudi konposatu lurrunkorrak kanporatu ditzaketela airera beste landare batzuei seinaleak bidaltzeko, eta baita animaliei ere; polinizatzaileei, esaterako. Azken urteetan asko entzun da zuhaitzen sustraiek lurrazpiko sareak sortzen dituztela onddoekin batera, eta elkarren artean komunikatzen direla horrela. Prozesu horien aldeko ebidentzia zientifikoa nahiko urria da oraindik. Gure gaitasunetatik at dagoen baliabide bat erabili dezakete landareek, eta ez ditugu entzun orain arte.
Gizakiok ezin ditugu ultrasoinuak entzun, eta naturaren soinu asko galtzen ditugu. Beste espezie batzuek, ordea, ultrasoinuak sortu eta entzun ditzakete, ekokokapena erabiltzen duten saguzarrek edo odontozetoek (horzdun zetazeoek), esaterako. Dirudienez, landareek ere ultrasoinuak igortzen dituzte.
Ikerketa batean hainbat landare grabatu zituzten ultrasoinu-detektagailuekin. Batzuei aurrez estresa sortu zieten bi modutara: estres hidrikoa eraginda edo zurtoina moztuta. Landare osasuntsuak ere entzun zituzten, eta ohartu ziren estresatutako landareek soinuak igortzen zituztela; landare osasuntsuek, aldiz, askoz ere gutxiago. Soinu horiek klik modukoak ziren, eta metro bateko erradioan entzun zitezkeen. Giza belarrirako, ordea, entzunezinak ziren.
Hasieran, tomate landarean eta tabakoan egin zituzten probak. Gariarekin, artoarekin, mahatsondoarekin eta kaktusarekin errepikatu zuten esperimentua, eta espezie guztietan estresatutako landareek soinuak sortzen zituztela ikusi zuten. Nahiko zabalduta dagoen prozesua dirudi, beraz.
Soinuak sortzeak komunikatzen direla esan nahi ote du? Klikak egiten dituztela ukaezina da, baina ez dakite nola sortzen dituzten, ezta funtziorik ba ote duten ere. Jakina da landare deshidratatuek kabitazioa pairatzen dutela, eta horrek azaldu ahalko lituzke soinuak, hein batean. Kabitazioa gertatzen da landare batzuetan zurtoinean aire burbuilak sortzen zaizkienean (ur faltagatik), eta burbuilek kolapsatzean soinua egin dezaketela pentsatzen da.
Ikerketaren egileek diote ultrasoinu horien bidez landare batek besteari abisua pasatu dakiokeela baldintza gogorrak datozenean. Bestetik, soinuak berez sor litezke estres egoeran, eta, agian, ez dute inolako komunikatzeko funtziorik. Zalantza horiek argitzen dituzten bitartean, eta erabilgarritasun gutxiko tramankuluak erostea gustuko baduzue, egin dezakezue proba etxean. Hartu ultrasoinu-detektagailu bat eta entzun zuen etxeko landareren bat. Entzuten duzue? Hala bada, agian ureztatzeko garaia iritsi da.