santi leone
Maratila

Laburbilduz

2012ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Euskaltzaindiaren arauak luzexko izaten dira: beharrik akaberan funtsa lau lerrotan laburbiltzen duten. Arte bat da hori. Laburbiltzearena, erran nahi dut. Gaizki eginez gero, akabo. Ikusi, bertzenaz, Elizaren hamar manamenduak. Ez dute preseski irakurtzeko gogoa pizten. Baina, gainera, laburpena gaizki egina dago: hamar manamenduak batean laburbiltzeko zer bururatu eta ororen gainetik jainkoa maite beharraren inguruko zerbait, eta mar, mar, mar. Hor ez baitago doktrinaren mamia. Ez. Baina, trankil, nik, apezpikuen adierazpenak arreta pixka batez segitu ondoren, hobetu egin dut laburpen hura. Hona: hamar manamenduak batean biltzen dira, ez duzu ezkontzatik kanpo larrurik joko.

Egia erran, laburpena baino gehiago, Elizak aintzat hartzen duen agindu bakarra da. Gainerako guztiak betelana dira, Bibliaren orrialdeak hanpatzeko lastoa. Zazpigarrenak axola balu, adibidez, dagoeneko bankari guztiak eskumikatuak egonen lirateke. Ez dut gogoratzen Iruñeko apezpikuak Yolanda Barcinari inoiz errieta edo mehatxu egina dionik gezurrak errateagatik. Nafarroako katolikoak ez dira joan dibortzioaz arduratuko diren notarioen bulegoen aitzinat otoitz egitera. Opuseko teologoen ikuspuntutik, antza, gibeleko atea irekitzea ongi dago beti (diru beltza ateratzeko, langileak kanporatzeko, faboreak trukatzeko), non eta ez den zakil bati (edota ukabil bati —nork bere gustua—) harrera egiteko. Ez, hasmentan oker nenbilen. Elizak badaki laburbiltzen. Moralaren arloa, behinik behin, xarmanki jakin baitu murrizten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.