Mikel Zumeta.
HERTZAK

Kultura dardarkaria

2022ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Radio Kultura Baiona-Hazparne inguruko irrati librea da. Ipar Euskal Herrian sortutako irratia dugu; elebiduna eta edukiz joria, loratua da irratia. Arras interesgarria egiten zait irrati elebiduna izatea, bi ezaugarri zehatzengatik: alde batetik, Baiona aldean euskal hiztunen kopurua ez denez sobera handia, euskal mundura hurbildu nahi duen orori ateak zabaltzen dizkiolako; bestetik, Hegoaldeko euskaldun kolonialistoi euskal munduaren ikuspegi aberatsagoa eskaintzeko parada delako. Arreta ematen dit nolako zilborzentristak garen hegoaldekook, espainolaren erabilera zein puntutaraino dugun barneratua, naturalizatua, ez garela gauza antzemateko gaztelaniak Hego Euskal Herriko hiztunon errealitatea nola baldintzatzen duen.

Erraza da topatzea frantsesarekiko higuina adierazten duenik, etengabean gaztelerara jotzeko ohitura mantentzen duen bitartean, edo erreferentzia kultural espainolak unibertsalak balira bezala erabiltzen dituztenak, besterik ez balego bezala. Mugaldekoa naizen aldetik, aitortu behar dut bi kulturetatik edan dudala, ez nahi bezainbeste, baina, neurri handi batean, egiten saiatu naizela. Zubiak eraikitzearen aldekoa naiz, kultura beti aberasgarria dela sinetsita. Ezjakintasunak areriotzera eta bazterketara bultzatzen gaituelako, horrela irakatsi digute urte luzez, eta hala pairatu dugu. Ez dezagun birsortu sistema.

Radio Kulturak proposamen sorta interesgarria eskaintzen du. Webgunean modu dotorean antolatuak dituzte edukiak: erreportajeak, mintzaldiak, musika saioak eta abar. Euskara ikastaroa ere entzungai dute, Gure Irratiak ekoitzitakoa eta Radio Kulturak sarean eskegitakoa. Interesgarria iruditzen zait Iparraldekoek saioarekin euskaraz ikastea, Hegoaldekook bitartean saio berarekin frantsesez ikasteko.

Kultur kuboa saioa ere aski interesgarria duzue. Eta Binilo mendekua izeneko musika saioa. Esan bezala, edukiak ugariak dira eta erreferentziak bestelakoak, ohiko medio eta euskal uniformitate EAEzentristatik kanpotik datozenak. Beraz, gonbidatzen zaituztet kultura dastatzera, Radio Kulturan, r-a nahi bezala ahoskatzera, rotiko guturalaz edo dardarkari albeolar moduan, kultura beti izango delako aukeretan onena, ahoskatu nahieran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.