Egun gutxi pasatu dira 22. Korrikari bukaera eman zaionetik. Haur, gazte, heldu eta zaharrek, kale eta errepideak hartu, eta euskararen aldeko aldarrikapena Euskal Herriko eta munduko txoko ugaritara eraman dugu. Batzuek kostata aurre egin diogu korrika egitearen erronkari; beste batzuek, berriz, korrika egitera ohituak, kilometro ugari egin dituzte furgonetaren atzean. Baino korrikalaria jaio ala egin egiten da?
Argi dago korrika egiteko erresistentzia entrenamenduari esker eskuratu daitekeela, baina genetikak korrika egiteko gaitasunean eragina eduki dezakeela iradokitzen duten zenbait ikerketa argitaratu dira. Ildo horretatik, korrikalari profesionalen artean egindako zenbait asoziazio-ikerketak korrika egiteko erresistentziarekin eta abiadurarekin erlazionatuta egon daitezkeen zenbait gene identifikatu dituzte, horietako batzuk muskuluetako proteinak kodetzen dituztenak. Horien artean ACTN3 genea dago, muskulu-zuntzei egonkortasuna ematen dien α-aktinina 3 proteina kodetzen duena. Muskuluetan bi motatako zuntzak daude; zuntz azkarrak, ekintza azkarra eskatzen duten zereginetarako aktibatzen direnak, eta zuntz geldoak, erresistentzia eskatzen duten jarduerak bultzatzen dituztenak. Zuntz azkarretan dagoen α-aktinina 3 proteinaren funtzioa ezinbestekoa da muskuluetan indarra azkar sortzeko. Europar jatorria duten pertsonen %18 inguruk ez dute proteina hori ekoizten, ACTN3 genearen bi kopietan duten mutazio bat dela eta. Zenbait ikerketak frogatu dute erresistentziako kirolariek, distantzia luzeko korrikalariek adibidez, mutazio horren maiztasun handiagoak dituztela, eta esprinterrek, berriz, mutazioaren maiztasun baxuagoak. Ildo beretik, animalietan egindako ikerketa batek erakutsi zuen ACTN3 genea mutatua duten saguek mutazioaren eramaileak ez diren saguek baino distantzia luzeagoa (%33 gehiago) korritu zezaketela nekatu aurretik.
Korrika egiteko gaitasuna eta genetikaren arteko erlazioa aztertu duten ikerketak ugariak badira ere, lortutako ondorioak ez dira sendoak, eta kasu askotan ikerketatik ikerketara emaitzak ez dira erreplikatu. Alde batetik, populazio ezberdinen aldakortasun genetikoa dela eta, eta, bestetik, korrika egiteko gaitasunean beste faktore batzuek, entrenamenduak kasu, izan dezaketen inpaktua alboratzea zaila delako.
Beraz, ikerketa gehiago beharrezkoak izango dira korrikalari arrakastatsuaren genetika identifikatzeko. Bitartean, korrikalari motibatua izan nahi baduzu, bi urtetik behin behintzat, aukera paregabea duzu! Korrikaren furgonetaren atzean jarri, eta tipi, tapa, tipi, tapa, KORRIKA!
Zientzia. ARGI ALDIAN
Korrikaren genetika
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu