Lyme, Connecticut, AEB, 1976. Hainbat pertsonak medikuarenera jotzen dute zezen baten begiaren itxura duen azalaren erupzio bat aurkitu dutelako haien gorputzetan: erupzio horren ondorioz sukarra, nekea eta artikulazioetako mina ere bazuten pazienteek. Medikuek, azalaren erupzioa ikusita, kaparrek transmititutako infekzioa zela susmatu eta ondorioztatu zuten, Europan kasu antzekoak deskribatu zirelako.
Bakterio batek eragindako infekzioa zela ere uste zuten medikuek, gaixoek penizilina tratamenduari erantzuten ziotelako. 1982. urtean Burgdofer mikrobiologoak bakterioa kaparretatik eta pazienteetatik isolatzea lortu zuten, eta mikroorganismoa Borrelia borgdorferi izendatu zuen. Mikroorganismoa oinarri gisa hartuz, gaitza borrelosia edo Lyme gaixotasuna izendatu zuten.
Baina nondik bereganatzen duten kaparrek bakterio hau? Oraintxe, udaberriaren amaiera eta uda bitartean, kaparren arrautzetatik larbak ateratzen dira. Larbek animalia txikiak, (hegaztiak eta karraskariak, adibidez), bilatzen dituzte lehen ostalari gisa. Animaliatxo hauek borrelia bakterioaz infektatuta badaude, bakterioa larbaren hesteetara pasatuko da, eta bertan egongo da hilabetetan zehar. Hurrengo udaberrian larba horiek ninfa bilakatuko dira, eta beste ostalari handiago bat bilatuko dute, hala nola oreinak, txakurrak, katuak edota gizakiak. Ostalari honetan elikatu eta heldu bihurtuko dira, arrautzak jarri eta azken ostalari horretan hil egingo dira. Noski, kaparra borrelia bakterioaz infektatuta badago, ostalariari transmitituko dio odol korrontean zehar.
Berehalako tratamendu antibiotikorik gabe, Lyme gaixotasunak bihotzeko eta nerbio-sistemako arazoak, artritisa eta beste konplikazio edo gaixotasun larriak sor ditzake. Horretaz gain, pertsona batzuek tratamendu antibiotikoa jaso ondoren sintoma iraunkorrak garatzen dituzte. Egoera honetan, gero eta garrantzitsuagoa da Borrelia infekzioaren erantzunean eragina duten mekanismoak ondo ezagutzea, tratamendua azkar martxan jartzeko. Berriki argitaratu diren bi ikerketaren arabera, bakterioa jasotzen duen ostalariaren genetikak Lyme gaixotasunaren erantzun immunean funtsezko zeregina du. Aldaera genetiko jakin bat daukaten pertsonek borreliaren aurkako erantzun immune ez-eraginkorra erakusten dute, eta horrek gaixotasuna denboran zehar luzatzea dakar.
Azken urteak
Lyme gaixotasunaren intzidentzia nabarmen handitu da azken urteotan, hein batean tenperatura globalaren igoerak kaparren denboraldi aktiboa luzatu duelako. Horren aurrean, ezagunak ditugun Pfizer, Moderna eta beste konpainia farmazeutiko batzuk txerto baten garapenean ari dira lanean. Txerto edo bestelako prebentzio estrategia bat garatu bitartean kaparren ziztadak saihesteko, gogoratu: intsektizidak, eta mahuka, galtzerdi eta praka luzeak. Eta etxera bueltatzean, ez ahaztu azala ondo arakatzea!