Elikadura. Eko-tik

Kontsumo ekologikoaren aldeko Urdaibaiko elkartea

2013ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Lur Gozo sortu zenetik sei urte beteko dira aurten. Urdaibaiko Biosferaren testuinguruan kontsumo arduratsua eta ekologikoa bultzatu eta zabaltzezko sortu zen, 40 bazkide ingururekin. Egun, 167 bazkide dira, eta kontratupeko langile bat daukate, lokalaren kudeaketaz arduratzen dena. Bazkide bakoitzak, urtero, 60 euroko kuota ordaintzen du.

Koldo Lezamiz elkarteko idazkariak azaldu duenez, antolakuntzarako hiru lan batzorde dituzte: Erosketak, Komunikazioa eta formazioa eta Garbiketa. Aurten, laugarrena ere osatuko dute.

2010etik, Lur Gozok Ajangizen (Bizkaia) du bere egoitza, bertako udaletxeak utzitako lokal batean. Akordioaren barnean, ajangiztarrak kide izan daitezke kuota ordaindu gabe, eta Ajangizko baserritar ekologikoek haien produktuak eraman ditzakete Lur Gozoren lokalera. Gertakari horrek garrantzi handia izan du elkartearen bilakaeran; izan ere, hasierako urteetan lokalaren alokairua ordaindu behar izateak era esanguratsuan zaildu zuen Lur Gozoren bideragarritasun ekonomikoa. Orain, aldiz, superabita izaten du urtero, eta horrek lasaitasunarekin funtzionatzeko eta beste arlo batzuk jorratzeko aukera eman die.

Lur Gozoren helburu nagusietako bat kontsumo ekologikoa bultzatzea izanik, ahalegin berezia jartzen dute komunikazioaren eta formazioaren arloan. Lezamiz bera da lan batzorde horren arduraduna.

Azpimarratu duenez, elkartearekin hartu-eman estua daukaten ekoizleak ezagutzera ematea oso garrantzitsua da. «Haien testigantza zuzenak jasoz, asko ikasten dugu, bai produktuari dagokionez eta baita produktu hori era ekologikoan ekoizteak suposatzen duenaz ere. Aurten, adibidez, Ulibarri Artzaiak, Zarabiku, Laneko, Josenea eta Candido Besa ekoizleak ekarri ditugu. Beste alde batetik, bizimodu arduratsuaren inguruko hitzaldiak eta ekintzak antolatzen saiatzen gara, elikadurarekin lotutako gaiak (makrobiotika, gai kimikoen eragina, sasoiko elikadura, ortu tailerrak...), edota bestelakoak jorratuz (energia iraunkorrerako kooperatibak, ekologismoaren filosofia...). Urte osoan gauzak antolatzeko ahalegina egiten dugu, eta udaberrian, Astra kolektiboarekin batera, Lurraren Astea ospatzen dugu. Astrako eraikina baliabide aparta da guretzat ere, han egiten baititugu hitzaldi gehienak».

2012an, Lur gozoren erosketen %20 Euskal Herriko ekoizleei zuzenean egin zitzaizkien. 2011rekin konparatuz gero, elkartearen kontsumoak gora egin zuen hilabetez hilabete. Lezamizek aditzera eman duenez, joera honetan garrantzi handia izan du Astra kolektiboa elkarteko bazkide izateak, eraikineko tabernan patata, zuku, kafe, azukre eta infusio ekologikoak eskaintzen baitira.

Koherentziaren barruan lan egiteari garrantzi handia ematen dio Lur Gozoko idazkariak, «auzia ez da bakarrik produktu ekologikoak kontsumitzea. Koherenteak izango bagara, gertutasuna eta ekoizpen eredu ez-industrialak bilatu behar ditugu; tokiko ekonomia bultzatzeko jaio ginen, baserritar txikiak sustatzeko, ez enpresa handiak. Horrez gain, jasangarritasun irizpideak elkartearen arlo guztietara zabaldu behar dira. Ildo horretan, Lur Gozok Som Energia energia berriztagarrien kooperatibarekin kontratua egin zuen duela zenbait urte, eta aurten, banka etikoaren bitartez gure kontuak kudeatzen hasiko gara».

Erosketei dagokienez, zera dio: «Ahalegintzen gara ekoizleak ahalik eta hurbilenekoak izaten eta zuzeneko harremanen bitartez elkar ezagutzen, gure irizpideak betetzen dituzten ala ez aztertzeko. Baina hori oso zaila izan daiteke batzuetan, batez ere produktuak (zigilu ekologikoa izanda ere) atzerriko enpresa handi batek ekoizten dituenean.Hor badaukagu etorkizunerako erronka bat».

Erosketa-politika koherentea garatzeko ahalegin horretan, Euskal Herriko kontsumo ekologikorako elkarteak (Lur Gozo barne) biltzen dituen Ekokontsumo Federazioa erosketa bateratuak egiteko lanetan ari da, ekoizleak ezagutuz eta banaketa antolatzeko moduak aztertuz.

Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:

Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47

[email protected]

ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.