Mirari Martiarena Iraola.
FREKUENTZIAREN GERIZPEAN

Komunitatea

2021eko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Egunerokoan ahoz aho dabiltzan kontzeptuak dira komunitatea, zaintza eta komunitatearen zaintza. Nahiz eta bizi dugun errutina erritmo azkarrarekin askotan ahazten zaizkigun.

Irratiak badu errutinatik eta azkartasunetik, astero errepikatzen diren atalak, bata bestearen atzetik egiten diren elkarrizketa motzak edo azken orduko albisteak. Baina irratiak badu komunitatetik eta zaintzatik ere. Oiartzun Irratian lan egiten nuenean ikusi eta ikasi nuen komunitatearen garrantzia zenbatekoa zen eta irrati txikiek ere badutela euren publikoa, sarritan pentsatzen duguna baino handiagoa dena.

Irratiko komunitatea bertako langileek eta entzuleek osatzen dute. Baina komunitatea familia bihurtzen da tokiko irratietan lehiaketa eta zorion tartea egiten den momentuan. Oiartzun Irratian egunero egiten da oraindik eguerdi aldera lehiaketa, ez da galdera oso zaila izaten: «Nik kopiatu egingo dut», esan daiteke, eta tarte horretan kantaren bat eskatzeaz gain ingurukoak zoriontzeko ere aprobetxatzen da. Astero saria herriko dendaren batek jarritakoa izaten da, baina entzuleek ez dute sariagatik deitzen, irratiaren parte, komunitatearen parte sentitzen direlako baizik.

Azken asteetan parean tokatu zaizkidan tokiko irratiek ere badute halako tarterik ere. Euskal Irratietan Jokoen tenorea edo Jokoen tartea izaten dute, ariketa edo galdera desberdinak erantzun behar izaten dituzte entzuleek. Goizean eta eguerdian izaten dute tarte hori eta parte hartzaileak ia egunerokoak dira, bazkaltzeko zer duten galdetzeko besteko konfiantza sortzen da esatari eta parte hartzailearen artean. Xorroxin Irratian ere goizero egiten dute lehiaketa, eguerdi partean, eta parte hartzaileak ere betikoak izaten direla nabaritu dezake irrati hori inoiz entzun ez duenak. Konplizitatea eta konfiantza nabaritzen delako esatariaren eta entzulearen artean. Segura Irratian bezalaxe; hauek uztailean eta abuztuan lehiaketa bereziagoa egiten dute sari potolo batekin: udako lehiaketako asmatzaile guztien artean bi lagunentzat Benidormerako (Herriale Katalanak) bidaia zozketatzen dute. Parte hartzeko tentazioa dudanik ez dizuet ukatuko.

Entzule, babesle eta parte hartzaile leialak dituzte tokiko irratiek, agian ez dira euren audientzien emaitzak Estudio General de Medios EGMren neurketetan nabarmenduko. Baina tokiko irratiek ere badute euren publikoa, komunitate eta familia izendatu daitekeena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.