Kosta egiten zait sinestea, baina ematen du egia dela: Txirri, Mirri eta Txiribitonek ez dute gehiago pailazoarena egingo. Senior bertsioan behintzat, Txirri, Mirri eta Txiribiton junior batzuk badabiltza-eta hortik barrena. Baina, zer nahi duzue esatea, ez da gauza bera. Txirri, Mirri eta Txiribiton beti izango dira bat; tira, hiru, orijinalak, betikoak, mitikoak, eta besteak gehiago-gutxiago gerturatuko zaizkien kopia izatera daude kondenatuak. Gure Txirri, Mirri eta Txiribiton. Astelehen gauean pasa zuten ETB1en agur emanaldia, berezia, 40 urteko algara, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin grabatua. Aukeran berandutxo, 22:00etan, pentsatu izan balute bezala, ez oraingo gaztetxoengan, baizik benetan markatu duten belaunaldian.
Txirri, Mirri eta Txiribiton. Ai, emozionatzen ari naizela. Zer gutxiago, bizitza oso bat da, txiki-txikitatik, gurasoen autoan pailazoen kasetea exijitzen genuenetik. Eta astelehen gauera arte izan ditut nirekin. Ezen zalantzarik ez daukat: ni Txirri, Mirri eta Txiribitonena naiz. Eta ez dut ulertzen gaur egungo gazteek nola duten Pirritx eta Porrotxen aldeko debozioa. Memoria martxan jarri, eta ez dut beste musika talderen baten hainbeste kanta ezagutzen. Maisu izan dira nire hezkuntza musikalean, baina baita moral eta sentimentalean ere. Luze gabe telebistari dagokionez. Hit gogoangarrien artean —Pintto-Pintto, Zapi zuria, Paristik natorren—, badute abesti bat telebistari eskainia, pedagogikoa oso, gaiaren inguruko ardura dugunok edozein haurri —berdin kalean aurkitzen ditugunei— kantatu beharko geniokeena. Telebista ondo nola ikusi behar den ederki adierazten du: «Klikla, klikla / piztu telebista. / Klakli, klakli / telebista itzali. / Telea ikusteko / baina ez tontotzeko./ Egin ezazu aukera: / ez ikusi sobera. / Lagunekin ibili / maiz samar irakurri / programa onak hautatu / eta ez hipnotizatu». Ezin esan gehiago, gutxiagorekin.
Orain geratzen zaigu jakitea zer gertatuko den telebista saioekin —Trikitraka trikitron, Sagarra da apple, baita antzinagokoekin ere—. Emanaldien antzera eten egingo ote diren, edo euskal telebista publikoak jarraituko dien ateratzen are gehiago zukua. Eta imajinatu lehena gertatzen dela: zerekin bete gero saioek betetzen dituzten ordu guztiak? ETBko arduradunek erabaki hain labaina hartu bitartean, baina, agur eta ohore, Txirri, Mirri eta Txiribitoni.
Komunikazioa. Ekografiak
Klikla telebista
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu