Mikel Zumeta.
HERTZAK

Kirol 'exquis'

2022ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Euskal munduan, geure buruaren inguruko irudi jatorraren definizioetako batean, kirolari petoa izatearen betekizuna dugu. Hori dela eta, euskaldunok kirolariak eta kirolzaleak izan behar dugu, eta apustu eta jokoen kontua beste baterako utziko dugu, horrek beste atal baterako emango bailiguke.

Kirola egitearen zalea naiz ni; ez, ordea, kirol emankizunak edo zuzenekoak gozatzen dituztenetakoa. Ez naiz batere, hegemonikoak diren kirolen zalea: ez futbola, ez saskibaloia, txirrindularitza siestarako apartekoa dela aitortzen dut, bai eta tenisa ere. Udan Frantziako Tourra izaten da urtero, Wimbledon dugu orain, eta estropadak ere bai. Udan, pilotak eta futbolak xurgatzen dituzten arreta guztiak libre daudenean, aukera dezagun nahieran gustukoen dugun zaletasuna.

Banekien kirolaren gaia irratian lantzeko garaian lanak izango nituela. Zortekoa ni, Bilbo Hiria irratiak Kirol Eskirol saioa duela. Kirol Eskirol, izenak aditzera ematen duen bezala, hegemonikoak ez diren kirolez arduratzen da, eta planto egiten dio kirolaren iruditeria mediatiko estandarizatuari. Jai giroan eta alaitasunez aritzen dira, saioari ironia puntu gozagarriarekin ekinez, edukiaren eta formaren artean oreka mantentzeko konpromisoz.

Kirol Eskirol ordubeteko saioa da, eta Bilbo Hiria irratian entzun daiteke, asteartero, 20:00etan, baita podcast moduan irratiaren web atarian ere. Hockeya, karta-jokoa, ping-ponga, xakea, piraguismoa...

Kirolaren inguruan, kirol hegemonikoaren inguruan hobeto esanda, martzialtasuna edo militar kutsua agerikoegia izaten da. Seriotasuna, zurruntasuna, gizontasuna, gogortasuna, kirol hegemonikoa benetako kirola delako, epikoa, eta, benetakoa den neurrian, martziala, gudaren irudikapen fidagarria.

Kirol Eskirol saioak proposatzen duen hurbilpenaren aldekoagoa naiz, zintzotasun eta errespetutik aldendu gabe, aldarte ederrean jolaskiro kirolaren inguruan jarduteko. Radarretik kanpo bazterrean dauden kirol praktiketan arreta jarriz.

Gimnasioen sukarrak gainezka egiteko zorian gauden une honetan, kirolaren alde ludikoa eta lagunkoia goraipatzearen aldekoa naiz. Gozatu kirolaz, lagun hori, kirol aparteko, exquisito, elitekorik ez du zertan, kirola soilik, ez besterik, nahikoa baita horrekin, ez izan exquis.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.