Drama asko eta askotarikoak daude bizitza honetan, egia da. Hainbeste, non bizitza bera drama bat dela esatera ausartu gaitezkeen. Eta kontziente naiz drama intentsitatez eta garrantziz handitu edo txikitu daitekeela pertsona eta garaiaren arabera, baina beti iruditu zait terriblea behar duela izan haurren ingurukoak, nik zer dakit, haur bati zerbait gertatzeak. Zure futbol taldearen porrotak baino areago bai, haurrik izan ez duenarentzat orobat. Eta tarteka dramari ez begiratzea nahikoa denez drama hori ez existitzeko, bada, horixe bera egin nuen gurean haur lapurtuen kasuak publikatzen hasi zirenean: ez sobera begiratu, eta listo.
Kontua da, ETBko kazetari bati esker —eta ez da bakarra, noski—, Juan Carlos Etxeberriaren lanarekin pixkanaka-pixkanaka gaian sartzen joan naizela, aferak busti nazan uzten, egiten baititu kasuaren inguruko erreportajetxoak albistegietarako. Eta, azkenerako, lan baliagarri eta ezinbestekoa joan da osatzen, han hemen karraskatuz, inurri lanean, nahiz berak pertsonalki aitortu gai delikatua, zinez interesgarria eta psikologikoki nekagarria dela, batetik, eta oraindik asko dagoela kontatzeke, bestetik.
Azken kapitulua exhumatzeek betetzen dute. Iazko irailean, Derion (Bizkaia) zabaldu zuten lehen hilobia, eta forentseek ez zuten hezurrik topatu, intsektuak, ileak eta zilborresteko matxarda bat soilik. Bigarrena urtarrilean egin zen, Donostian; Itsasondon zabaldu zen hirugarren hilobia, eta laugarren deshobiratzea Arrigorriagako hilerri zaharrean egin berri da. Kasu horretan, salaketa judiziala artxibatu egin zioten familiari, eta horrek enpresa pribatu bat kontratatu behar izan du exhumazioa egiteko. Baina salatutako haur lapurtuen kasuak ehunka ei dira. Orain arte inon ez omen da delitu aztarnarik aurkitu, eta hainbat espediente artxibatu dituzte. Mezua argia da halere: haur lapurtuen kasua argitu egin behar da, ikerketak bururaino eraman.
Eta uste dut kazetari lana egiten ari dela Etxeberria, kazetari lan benazkoa, hau da, aferaren inguruan ari diren elkarte, erakunde, epaitegien paraleloan, argitara ekarriz batzuek ilun nahiko luketena, kontatzen beste inork gisa horretan kontatuko ez diguna, gauzen martxarekin batera, gaurkotasunari eskutik helduta. Gaiaren labaina ezagututa, euren lana ere bururaino eraman dezatela da kazetarioi eskatuko niekeena.
Komunikazioa. Ekografiak
Kazetari lan benazkoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu