Elikadura. Eko-tik

Kartzela zigorra mahastiak ez tratatzeagatik

2014ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Emmanuel Giboulot mahastizain eta ardogile biologiko-biodinamikoak eztabaida piztu du Frantzian. Cote d'Or eskualdeko laborariak uko egin zion 2013an administrazioaren agindua betetzeari, eta ez zituen bere mahastiak flabeszentzia urrekararen aurka sistematikoki tratatu. Agindua ez betetzeagatik, Dijongo epaitegian deklaratu behar izan zuen iragan astelehenean, inputatu gisa. Sei hilabeteko kartzela zigorra eta 30.000 euroko isuna jaso ditzake.

Flabeszentzia urrekara mahastiak lehortzen dituen gaitza da. Ez dago haren aurkako tratamendurik. Gainera, oso gaitz zitala da, eta, behin agertuz gero, izugarri zabal daiteke urte batetik bestera. Horregatik, 2012an Borgoina eskualde ardogile famatuan lehenengo kasuak agertu zirenean, agintari publikoek gaitza transmititzen duen zikadelle euliaren aurkako tratamendu sistematikoak egitea agindu zieten mahastizain guztiei. Gaitza zein euliaren zantzuak izan edo ez, behartuak izan dira urtero hiru tratamendu egitera.

Gaixotasun horrek larrialdi egoeran jarri ditu Borgoinako mahastiak. Beldurra dago mahatsondo famatu horiek guztiz galduko ote diren. Ez nolanahi: XIX. mendean, Amerikatik etorritako filoxeraren izurriteak Europako mahatsak ia guztiz akabatu zituen, Frantziatik hasita.

Ardogile inputatuak, bere aldetik, adierazi du ez dela zentzuduna tratamendu sistematikoak egitea, gaitza badagoen ala ez dagoen bereizi gabe. Alde batetik, osasun publikoaren ikuspegitik pozoi kantitate handiak askatzeak ekar dezakeenagatik. Bestetik, intsektizidak ez direlako %100 eraginkorrak zikadelle-ren aurka; tratamenduak eginda ere, izurria erabat desagerrarazteko bermerik ez dago. Hori bai, ondo ikerturik dagoena da pestizida eta plagizidek eragin katastrofikoa daukatela tokiko faunan. Izurriaz gain, erleak eta izurriak kontrolpean mantentzen dituen fauna lagungarria desagerrarazten dute.

Ekosistemaren oreka naturalean ahalik eta gutxien eragiten saiatuz eta mahatsondoen defentsa naturalak indartuz, Giboulot familiak ia mende erdiz ekoitzi du ardoa. Akusazioen aurrean, Giboulotek dio gogoz kontra izanda ere bere mahatsak tratatzeko agindua beteko lukeela—araudi ekologikoak onartzen dituen pitetrinak erabiliz—, baldin eta zikadelle-a bere mahatsetan agertuko balitz. Krisantemo loreetatik lortutako substantzia horiek ahulagoak dira, eta ez dira bioakumulatzen. Baina ez dira selektiboak —intsektu guztietan eragiten dute—, eta toxikotasuna badute.

Filoxerari aurre egiteko modu bakarra Ameriketatik ekarritako txertakak erabiltzea izan zen. Haiek garatutako erresistentzia naturala da, oraindik ere, filoxera kontrolatzeko modurik eraginkorrena. Ikasgai hori ondo barneratuta dauka Emmanuel Giboulot-ek.

Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero: Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47

[email protected]

ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.