Haurtzaroan, ohikoa izaten da mundua bitan banatzea, irizpide finkoen araberako multzoetan: Cola Cao vs Nesquik, Asterix vs Tintin, Lego vs Tente. Ume gineneko sailkatzeko manera hori gogortu eta gotortu egiten du, normalean, fundamentalismoak, eta, ongi/gaizki eredu manikeoari jarraiki, osagai bakoitzari balioa erantsi (sainduak vs bekatariak, birigarroak vs pottottak, irakasle zintzoki otzanak vs irakasle maltzurki politizatuak).
Sailkapenok, bertzalde, Borgesen eskutik Foucaultek gogora ekarri zuen Txinako entziklopedia hartan bezala, ongia kutsatzeko arriskua murriztu eta gaizkia heda dadin saihesten dute.
Jose Iribas Hezkuntza kontseilaria haur txukuna izan zen naski, jostailu guziak txintxo demonio bildu eta altxatzen dituzten horietarik; platerean ilarrak eta azenario puskak bi mukuru diferentetan paratzen dituztenetarik, berdea berde izan dadin, eta laranja-kolorekoa, laranja-koloreko. Deseroso egon behar du, beraz, bere gobernu eta alderdi kideen artean, hainbertze jostailu klase toki berean nahasirik ikusita: txotxongiloak —Jimenez—, panpina pinpirinak —Torres, Sayas—, action men ahoberoak —Miranda, Sanchez de Muniain—, eta Barbie gutiziatsua, bere soldataren osagarri eta dieta guziekin —Barcina—.
Hortik heldu da segur aski, anabasa jasanezin horretatik, Nafarroa bere gelatzat hartu eta txukun-txukun uzteko grina, dena bereiz, hala neskak eta mutilak eskoletan nola hizkuntzak karteletan.
Errealitatea tematia da, ordea, eta bereizketak, batzuetan, alferrikakoak: hortxe dugu, konparazione, UPN eta PSNren artekoa.
Maratila
Jostailuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu