Elikadura. Eko-tik

Jogurt naturala, naturalena

2012ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Elikagai zaharra da jogurta. K.a. III. mendekoa izan daitekeela uste da. Garai hartan, ez zuten jogurta propio ekoizten; badirudi kasualitatez lortzen zutela, esne gordailu gisara erabiltzen zuten larruetan bakterioak izaten ziren eta. Duela mende bat baino gehiago iritsi zen gurera. Lehenengoak botiketan saltzen zituzten, urdaileko arazoak sendatzeko aproposa zela eta.

Esnearen hartziduraren ondorioz sortzen da jogurta. Lactobacillus bulgaricus eta Etreptococucus thermophilusak dira esnea hartzitzen duten bakterioak.45ยบ-ko tenperatura behar izaten da jogurta sortzeko. Hala, esnearen azukrea, hots, laktosa, azido laktiko bihurtzen da. Laktosari intolerantzia dioten lagunek errazago digeritzen dituzte jogurtak, laktosa gehiena azido laktiko bihurturik baitago. Bestalde, hartzidura prozesuko entzimen bitartez, kaseina proteinak puskatu egiten dira, eta horien digestioa ere hobetu egiten da. Jogurta aurrez digeritutako produktua da, beraz; esnea baino hobeto digeritzen dena, alegia. Jogurtek dituzten bakterioei esker, sistema immunologikoa indartu egiten da, eta, beherakoa izaten dugunean, hesteetako flora indarberritzen dute.

Haurrek gustukoak dituzte oso, baina zaila izaten da jogurt egokia aukeratzea. Egun, eskaintza zabala dugu jogurtetan: zaporedunak, frutadunak,gantz gutxikoak, azukredunak eta azukre gabekoak, edatekoak, bifidusak, kaltzio ugari direnak, dutenak, light direnak... zerrendak luze jo dezake. Horiek guztiek, esnea eta aurretik aipatutako bakterioez gain, beste osagai batzuk izaten dituzte. Osagai batzuk onuragarriak dira, bakterioak, adibidez. Zalantzan jartzen dira, fruta eduki beharrean, frutaren zaporea eta kolorea emateko erabiltzen diren osagaiak dituztelako eta naturalak izateko asko falta dutelako. Jogurtaren azidotasuna leuntzeko, gainera, azukre ugari izaten dituzte gehienek. Kontserbagarriak, luzaroan irauteko; laboreen zuntzak, komunera joateko; bifidusak, digestioa errazteko. Hori da zerrenda amaiezina! Beharrezkoak ote?

Aukeraketa bat egiteko orduan, esan daiteke azukrerik gabeko jogurt natural ekologikoak gomendatzea dela egokiena, horiek dira-eta naturalenak. Jogurt horiei guk eman diezaiokegu zaporea, fruta zatitxoak edo marmeladak gehituz, esaterako. Edatekoak nahi baditugu, esne pixkarekin disolbatzea egokia da. Alde batera utz ditzagun hainbat mantenugai (kaltzioa, adibidez) ugari dituztenak. Elikadura ohitura osasungarriak izaten baditugu, beharrezkoak diren mantenugai guztiak lortuko ditugu; naturalki, gainera.

Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:

Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47

[email protected]

ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.