Aspaldian, duela urte anitz, Diario de Navarra-k, kazetaritza irudimentsuaren bultzatzaile horrek, bere irakurleei jakinarazi zien bezperako manifestazioan ezker abertzaleko jendea «jota [sic] ke» oihuka ibilia zela. Ondoan, parentesi artean, teorian maitagarria den baina praktikan hiztun gorrotagarriak dituen mintzairan ahoskatutako esaldi misteriotsu horren esanahia azaltzen zien kazetariak Diarioko bezero asaldatuei: quemar y destruir. Espainolez erraten den bezala, kea bada, sua ez da urrun ibiliko.
Baina, tira, egia ez da inoiz Nafarroako kazeta hegemonikoaren kezka nagusia: bere garaian, gizon ttiki potolo bat Espainiako buruzagi gorena zela sinetsarazten tematu zen, eta azken bolada honetan jo eta ke ari da oposizioko politikarien prestigioa kiskali eta hondatu nahian. UPNren ustelkeria kostata aditzen du; usaimen fina du, ordea, gainerakoen zaborraren urrina usnatzeko. Azken buruan, W. H. Audenek behin erran zuen bezala, inori ez dio trabarik egiten bere puzkerren usainak.
Nago, halere, fite Diario de Navarra berri-paper eredugarria izanen dela: jakintsuek diotenez, Erdi Aro berri batera goaz, eta Erdi Aroan ere ohikoak ziren solasen interpretazio badaezpadakoak. VII. mendean, kasu, Sevillako Isidorok zioen cadaver akronimo bat zela (CAro DAta VERmibus—harrei emandako haragia). Adibideak ez du gaurkotasunik eskas: gorpu politikoa baita UPNren gobernua, harrek jana; hain zuzen ere, botere gosearen harrak xaxatua segitzen du bere horretan, jo eta ke (Cordovillako adieran), Nafarroa arruntean ustiatu arte.
Maratila
Jo ta ke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu