Xabier Etxaniz Rojo.
BADIATIK

Jendea

2019ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Ia ohartu gabe Aste Nagusiko azken trakara iritsi gara. Bi egun barru, akabo fandangoa! Berandu gabe, igande goizean bertan, hortxe agertuko zaigu Donostiako alkatea prentsa aretoan balorazioa egiteko prest.

Sexu erasoak gorabehera, Aste Nagusia arrakastatsua izan da. Kontzertuak arrakastatsuak izan dira, su festak arrakastatsuak izan dira (eta parte hartzea ikaragarria, zer da, bestela, milioika donostiar «Ooooooo»-ka batera aritzea, «bat-bateko-herri-orfeoia» ez bada?), marrubizko izozkia arrakastatsua izan da, prezioen igoera eta zezenen itzulera arrakastatsuak izan dira.

—Ba, ni bat natorrek alkatearekin —esan zidan nire lagun Felixek atzo, Flamenkako barran geundela—. Baina alkateak «arrakasta» hitza erabiliko dik eta nik beste bat erabiliko nikek. Aste Nagusitik bi ondorio atera ditiat nik: bata, jaietan jende andana dagoela nonahi, eta bestea, Nafarroako Unibertsitateko Klinikak arrazoia izatera, Opus Deikoak sutan egongo direla...

Esan gabe doa nire lagun Felixek azalpenik errazenari heldu ziola lehenik.

—Aste Nagusian inportanteena zera duk, jendea egotea. Donostiarrok gatzgabe mortalak gaituk, eta piraten kontu hau alde batera utzita, munduko jairik aspergarrienak dituk hauek. Ez zagok jai-girorik, egia... baina jende andana zagok nonahi, eta horixe gustatzen zaiok jendeari... Hik galdeiok edonori ea zer moduz festak, eta denek erantzungo ditek gauza bera... «Uff, sekulako jendetza!». Kexa moduan esaten ditek, baina «primeran!» esateko modu donostiarra duk hori...

—Eta Opus Deiren kontu hori?

—Ba, aste honetan Nafarroako Unibertsitateak esan dik homosexualitateak eta promiskuitateak gastroenteritisa eragiten dutela... Begiratu txosna pareko komun publiko horiei... han ere jendetza zagok sartzeko zain, eta argi zaukaat zergatik den... Ni neu ez nabilek oso katoliko tripetatik azken egunotan...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.