ainara castellano
Zientzia. ARGI ALDIAN

Jatorri estralurtarra

2022ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
DNA eta RNA (ezagutzen dugun bizitzaren unitateak) Lurrean agertu ziren orain dela gutxi gorabehera lau mila miloi urte. Urte hauetan guztietan zehar, DNA informazio heredagarriaren garraiatzaile nagusia izan da. DNA harizpiak lau azpiunitate kimikoz osatuta daude, nukleobase izenekoak (A,C,G,T), eta izaki bizidun guztien informazio genetikoa letra horiek osatzen duten sekuentzia lineal batean kodetuta dago. RNAren funtzio nagusia DNAn dagoen informazioa proteinetan itzultzea da. RNAk ere bere lau letrak ditu (A,C,G,U), eta horietako hiru DNArekin partekatzen ditu.

DNAren eta RNAren funtzioak eta haien konposaketa nahiko argi baldin baditugu ere, oraindik ez dakigu nola sortu ziren molekula horiek orain dela hainbeste urte. Nola eratu ziren bizitzaren bloke horiek lur goiztiar horretan? Zapore eta kolore guztietako teoriak daude. Jatorrizko salda-ren teoriaren arabera, ozeanoetan baldintza egokien konbinazioak ahalbidetu zuen DNA eratzeko beharrezkoak ziren konposatuen sorrera. RNA mundua-ren teoriak, aldiz, RNA DNA baino lehenengo sortu zela argudiatzen du. Teoria estralurtarra-ri kasu egiten badiogu, DNA eta RNA osatzen duten letra edo konposatu horiek espaziotik eratorritakoak direla sinistuko dugu.

Zientzia fikzioa badirudi ere, Japoniako ikerketa talde batek joan den hilabetean argitaratutako artikulu batean dio DNAren eta RNAren letra horiek topatu dituztela espaziotik eratorritako meteorito batzuetan, bizitzaren jatorri estralurtarrari indarra emanez. Ikertzaileek Kanada, AEB eta Australiako lakuetan topaturiko hiru meteorito aztertu zituzten. Zientzialariek etengabeko ur presioa erabiltzen duen metodoa (goi errendimenduko kromatografia likidoa izenekoa) erabili zuten meteorito zatitxoak konposatuetan banatzeko. Horrela, meteoritoetatik DNA eta RNA letrak isolatu eta identifikatu zituzten, eta meteorito bakoitzak letren konbinazio desberdina zuen. Sinesgaitzak konbentzitzeko, meteoritoak lurreratutako lekuetan ere laginak hartu eta analizatu zituzten. Lur lagin horietan nukleobaseak topatu bazituzten ere, haien kantitatea eta banaketa meteoritoetan topatutakoarekiko guztiz desberdina zela argudiatu zuten. Beraz, bizi konposatu horiek espazioan sortu zirela ondorioztatu zuten.

Ikerketa gehiago behar diren arren, badirudi, orduan, ez dela hain burugabea guk ezagutzen dugun bizitzak jatorri estralurtarra izatea. Horrela izanda, agian unibertsoarekiko dugun planteamenduak 180oko bira egiten du. Guk jatorri estralurtarra badugu, alienak existitzen dira? Edo gu geu gara alienak? Agian Lurrak gonbidatu gisa eduki gaitu denbora honetan guztian. Badaezpada ere, saia gaitezen esker onekoak izaten, onartu gintuen bezala ostikoa eman ez diezagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.