COP27aren barruan, korapilo nagusietako bat da nola txikitu berotegi-efektua sortzen duten gas-isuriak. Jakina da, hartu beharreko neurriak eztabaidatzean, zientziak baino pisu handiagoa duela politikak, baina azkenaldian gero eta ozenago entzuten da sistemari aurre egiten dieten zientzialarien ahotsa. Horren adibide da COP27aren atarian Nature aldizkarian ikertzaile britainiarren talde batek argitaratu duen iritzi-artikulua. Izenburua: Deskarbonizatu militarrak; derrigortu isurien berri ematera.
Egileen esanean, militarrek berotegi-efektuko gas ugari isurtzen dituzte mundu osoan, baina inork ez daki zehazki zenbat. Kalkulatu dute isuri guztien %1 eta %5 artean ejertzitoei dagokiela. Hori abiazioaren eta itsas garraioaren industrien parekoa da, gutxienez (%2 isurtzen du haietako bakoitzak). Hala ere, militarrak isuriei buruzko txostenetatik eta neurrietatik kanpo daude. Ikertzaileen iritziz, hori aldatu egin behar da.
Artikuluan diotenez, armada estatubatuarra da munduan gas gehien isurtzen duen ejertzitoa. Adibidez, Ameriketako Estatu Batuetako F-35 borroka-hegazkin batek, 100 miliako hegaldi batean, Erresuma Batuan urtebetean gasolina-ibilgailu batek adina karbono dioxido isurtzen du. Are gehiago, ejertzito estatubatuarrak, berak bakarrik, Peru, Singapur, Suitza eta beste zenbait herrialdek guztira isurtzen duten baino karbono dioxido gehiago isurtzen du.
Ejertzitoek erabiltzen duten erregai-kantitatea kontuan hartuta, isurtzen duten karbono dioxidoaren araberako rankina ere egin dute. Buruan, jakina, AEB dago, 42 tona metrikoekin pertsonal militar bakoitzeko. Atzetik datoz Qatar (32), Kuwait (22) eta Arabiar Emirerri Batuak (21). Beherago dago Erresuma Batua, hemezortzirekin; eta dezente beherago Europako Batasuna, sei tona metrikorekin.
Hori erregaiari dagokiona baino ez da, ordea. Berez, bestelako energia-gastuak, lehengaiak, hornidura eta ekoizpena eta abar gehituz gero, isuriak hiru aldiz handiagoak ere izan daitezkeela uste dute; eta are handiagoak dira gerretan sortzen direnak aintzat hartuz gero. Zalantzarik gabe, bake-garaietan, isuriak jaitsi egiten dira: Gerra Hotzaren ondoren, AEBen isuriak % 44 jaitsi ziren, aurreko garaiekin alderatuta.
Nolanahi ere, ikertzaileek garbi diote zergatik isiltzen dituzten IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak eta Nazio Batuen Erakundearen klimaren biltzarrek militarren isuriak: politikagatik eta ezagutza-faltagatik. Azaldu dutenez, 1997an, Kyotoko Protokoloaren negoziazioetan, militarrak isuriei buruzko datuak ematetik salbuestea lortu zuten ordezkari estatubatuarrek, segurtasunaren aitzakiarekin. Gaur egun, ez dago eragozpenik datu horiek emateko, segurtasuna eta konfidentzialtasuna arriskuan jarri gabe. Gainera, ordutik hona beste herrialde batzuetako ejertzitoak asko handitu dira, adibidez, Txinakoa.
Horrenbestez, jarduera militarra aintzat hartzeko deia egin dute ikertzaileek, eta COP27an eta COP28an konpromisoak hartu behar direlakoan daude. Azaroaren 18an amaituko da COP27a. Ikusteko dago argitara aterako ote duten isuri militarren afera.
ARGI ALDIAN
Jarduera militarraren gas-isuriak, ezkutuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu