Geroz eta gehiago dira elikadura eredua aldatzen ari diren jangela kolektiboak. Menu orekatu eta osasungarriak jomuga izanik, bertakotasunari eta elikagai ekologikoei garrantzia ematen hasiak dira.
Ez, oraindik ez dira asko, baina pixkanaka, era orekatuan, ugaritzen hasiak dira mota horretako jangelak. Ekolapiko proiektua ezaguna da, Gipuzkoako ikastetxeetako jangelak bertako eta garaiko elikagai ekologikoekin hornitzeko egitasmoa. Bederatzi ikastetxetan martxan da, eta hamabi ekoizle arduratzen dira jangela horiek hornitzeaz. Baratzezainak, abeltzainak eta okinak, batez ere. 850 neska-mutikok menu ekologikoak bazkaltzen dituzte egunero. Euskal Herrian badaude, bai, esperientzia gehiago: Larrabetzuko eskola publikoa eta Lekeitioko Ikastola, Bizkaian, adibidez. Gasteizen, berriz, haur eskola batzuetan ere modu ekologikoan jateko aukera dute haurrek. Nafarroan ere esperientziak ugaritzen ari dira. Eta Ipar Euskal Herrian, urte batzuk badaramatzate halako esperientziekin. Badira beste ikastetxe batzuk pauso hori eman nahi dutenak, baina oztopo sendoak aurkitzen dituzte.
Espainian, Asturiasko Gobernuan, jangeletan ematen ziren menuen inguruan hausnarketa egin zuten. Menuen kalitatea eta oreka ez zen egokia. Barazki, fruta eta arrain freskoaren gabezia zegoela ondorioztatu zuten. Haurrakjangelan hamabi urtez elikadura desegoki horren bitartez elikatzen badira, haurren osasunean eragin zuzena izango zuela ondorioztatu zuten. Beraz, Gobernuak apustu sendoa egin behar zuela konturatu ziren. Osasun eta Hezkuntza Saila elkarlanean jarri dira. Ikastetxeetako langileei, irakasleei, sukaldariei eta jangeletako hezitzaileei elikadura osasungarriaren inguruko ikastaroak eman dizkiete. Ondoren, jangeletako menuak orekatu dituzte, eta haurrek ere kontzientzia hartu dute. 105 ikastetxe publikotan martxan da egitasmo hori; ikastetxeak arduratzen dira jangelaz, eta ikastetxeetako profesionalak dira jangela kudeatzen dutenak.
Jangela ekologikoen jardunaldiak antolatu dituzte Asturiasen. Ekolapiko bertara gonbidatu dute. Egitasmoa miresten dute, eta gurea gertuagotik ezagutu nahi zuten. Erabiltzen dugun metodologia ezagutu eta aplikatu nahi dute; hau da, jangelen horniketa nagusia elikagai ekoizleen bitartez zuzenean egitea, bitartekaririk gabe.
Gobernuak lehen pausoa emana du; pixkana hasiak dira bertako barazki ekologikoez jangelak hornitzen, eta hala jarraitu nahi dute, bidea zabalduz. Ea gurean ere Asturiasko Gobernuaren adibideari jarraitzen diogun, gu haien adibide izan garen bezala!
Jangela ekologikoak posible dira, baina borondatea ere beharrezkoa da!
Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:
Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47
[email protected]
ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65
[email protected]
Elikadura. Eko-tik
Jangela ekologikoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu