Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Izan ditugunean

2012ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Jakinik eta Aieteko Bake Konferentziaren lehen urtemuga iragan berri dela; jakinik eta urtebete igaro dela orain ETAk jarduera armatua utzi zuenetik; jakinik eta, ekoizpen katalana izan arren, zuzendari-protagonista-gaiak —batez ere gaia— geure-geureak direla, pentsatu genuen une batez Gorka Espiauren Parlen els ulls izan zitekeela ETBk asteazken gauerako iragarria zuen «ETAren biolentziarik gabeko urte honetako protagonisten testigantzak biltzen dituen dokumentala». Baina ez, Espiauren ikus-entzunezko lanak itxaron beharko du bere txanda, testuinguru lagungarriagoa. Haren ordez, beste bat eman zuten: 20 de octubre de 2011. Año Uno, Maite Ibañezek zuzendutakoa. Eta gau informatibo zabalago batean sartuta: Un año sin ETA. Eztabaida batek jarraitu zion dokumentalari; zortzi gizon prestu eta emakume bakar bat ere ez tertuliakideen artean.

Narrazio orokorrak eragin zitzakeen zalantzen aurretik, izenek eurek eragin zidaten zalantza. Ez Un año sin ETA, ez 20 de octubre de 2011. Año Uno, ez zetozen bat ikusi ahal izan genuen lanarekin. Ariketa konparatiboa krudela izan ohi da sarri: Parlen els ulls lanak batik bat denbora tarte hori aztertzen zuen, eta asteazkenekoak gehiago hartzen zituen iazko urriaren 20ra iritsi artekoak: hasiera puntua ETA politikariak —hots, dokumentalaren esanetan, zibilak— hiltzen hasi zenetik. Eta gero, esan behar da, kurioski, politikariak hartzen zituela Ibañezen lanak protagonista nagusitzat. Ados, beste gonbidatu batzuk ere bazeuden, baina politikariak nabarmentzen ziren, tumorea gorputz artean osasuntsuan nabarmentzen den bezala. Eta galdera da: benetan izan dira politikariak «ETAren biolentziarik gabeko urte honetako» benetako protagonista? Ez al dira izan protagonista ez beren presentziagatik baizik eta absentziagatik, beste hark zioen moduan? Ariketa zintzoagoa iruditzen zait alde horretatik, eta ez politikarien bozgorailu, Espiauren lana; euskal gatazkaren hainbat biktimak azaltzen diote elkarri azken garaiotan bizitakoa.

Ulergarria iruditzen zait 20 de octubre de 2011. Año Uno lana euskal telebista publikoan ematea. Baina ez gaitezen horretan baino geratu. Are bestelako lanak ere esku-eskura izan ditugunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.