Bihoakie nire zorionik beroena gaztelerazko testuak euskaratzeko on line itzultzailea sortu eta sareratu dutenei. Berri ona, ezbairik gabe. Hartara, munduan diren euskaldun elebakar guztiek gaztelerazko prosarik onena —Lucia Etxeberria, Savater…— euskaraz irakurri ahal izango dute.
Esan gabe doa tresnak ekarpen handia egingo diela hala lurraldetasunari —iparraldekoek ere eskubidea dute Savater irakurtzeko— nola hizkuntzaren normalizazioari —merkataritza-guneek ez dute isunik behar. Bai, ordea, horrelako tresna gehiago—.
Logikoki, itzultzailea oraindik ez da perfektua. Ni neu probak egiten aritu naiz eta emaitzek… nola esango nuke… harrigarriro durduzatu naute.
IKEAko katalagotik hartu nuen lehen proba: «No hay en forma de erre» kopiatu nuen, eta itzultzaileak hauxe erantzun: «Erreformarik ez». Zuzena ez, baina egokia krisi garaiotan. Hurrengoa telebistari begira otu zitzaidan: «En Eurovision Grecia puntua bien». Hona errealismoz beteriko itzulpena: «Ikus Europa Grezia pu(n)teatzen». Eta irratian hauteskundeez hitz egiten ari zirenez, erronka polita jarri nion tramankuluari: «El Lehendakari ha fracasado». Erantzunak guztiz konbentzitu ninduen: «Porrotx Lehendakari!».
Tumatxa!
Bai, egia da, oraindik badu zer hobeturik. Haatik, ni lasai nago. Iritsiko da iritsi beharrekoa. Eta iritsiko ez balitz, arazorik ez, Euskobarometro-koek analista politiko gisa erabil lezakete lasai asko.
Maratila
Itzultzailea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu