Ane Muñoz.
Maratila

Itzulera

2012ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Goizean dei berezi bat jaso dut, nahikoa pertsonala izanik ere zuekin partekatu nahi dudana. Duela hamar bat urte Tenerifen filmaketa batean ezagutu eta lagun min izan nuen kubatar batek deitu dit, aspaldiko partez. Hasierako harridura gaindituta, kontu kontari hasi gara, zertan gabiltzan eta zertan ez, eta halako batean deiaren arrazoia azaldu didanean, mutu utzi nau. Agurtzeko deitu omen du. Despedida zela, alegia. Agurtzeko? Ez dut eta urtetan ikusi!.

Bere Kuba maitean lana bazuen ere, guztia atzean utzita bakar-bakarrik etortzera ausartu zen duela hamarkada pasatxo. Kanarietan kokatu eta berehala lortu zuen lana ekoiztetxe batean eta telebistan. Horrela, berarentzako bizitza dezenteko bat eraikitzen zuen bitartean, etxekoei ahal zuen guztia bidaltzen zien. Laguna super-pozik, eta etxekoak tri-pozik. Orain, ordea, hasierako amets espainiar hura amesgaizto bihurtzen hasi denetik, bizitzekorik gabe eta are gutxiago etxekoei bidaltzeko, itzultzea erabaki du. Kubara. Habana zaharrean bere sendiak duen etxe zahar erdi ustel hartara. Nonbait, Kuban hemen baino film dezente gehiago ari dira egiten, eta soldatak oraindik barregarriak badira ere, gutxienez etxean egongo da, lanean, eta maite duen tokian.

Halaxe kontatu dit, triste samar, erabakia hartu duen arte hilabete batzuez nora ezean egon dela aitortzen zidan bitartean. Orain, urtetan bildutakoa kutxatan jasotzen hasi denean, denbora honetan guztian bere bizitzatik pasatu garen lagun on eta garrantzitsuak agurtzea bururatu zaio. Tartean, ni neu.

Agur, compay, zorte on, eta han edo hemen, bizitzak berriro elkar gaitzala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.