Zutabe honetan adimen artifizial sortzailearen (AAS) inguruko begirada kritikoa nagusitu da. Eta saiatu gara, liluraren argitasunak itsutu ez gaitzan, betaurreko polarizatuak erabiltzen. Hala ere, OpenAI enpresak erakutsi berri duen ChatGPTo3 azken ereduak orain arteko muga guztiak hautsi eta sarean txinpartak sortu ditu.
Gure artean al da jada adimen artifizial orokorra (AAO)?
Lehenik eta behin, azal dezagun zer den AAO hori. Laburbilduz, AAO da adimen artifizial mota bat, giza gaitasun kognitiboak parekatzen edo gainditzen dituena zeregin ugaritan. Adimen artifizial orokorrean, sistema hori gai da bere garatzaileek aurreikusi ez dituzten arazo berrietara ere egokitzeko.
o3 azken eredu horren inguruan aritu dira hitz egiten hainbat dibulgatzaile egunotan. Eta batzuen iritzia da oraindik ez garela AAOra iritsi, baina inoiz baino gertuago gaudela. Eskaini ditzagun, bada, o3 ereduaren inguruko datu batzuk.
ChatGPTo3 ereduaren programatzeko gaitasuna ebaluatu dute, eta munduko 175. programatzailerik onenaren pareko puntuazioa lortu du. Etorkizunean, posible izango al du giza programatzaile bakarrak maila profesionaleko hamarnaka programatzaile sintetiko lanean izatea haren aginduetara?
ARC AGI izenekotestean ere emaitza oso onak lortu ditu o3 ereduak. Test horrek ebaluatzen du AA sistemen arrazoinamendu abstraktua eta malgutasuna, gizakion bi ezaugarri garrantzitsu. Ba, arazo horien %87,5ean emaitza zuzena eskaintzea lortu du, lehen aldiz gizakion maila gaindituz.
Orduan, iritsiko al gara adimen artifizial orokorra izatera? Eta zer gertatuko da iristen bagara? Gure baserrian esan ohi den bezala: «Hori dakiena isilik dago». Betiko legez, denetariko bertsioak entzuten dira.
Batzuen ustez, sekulako iraultza etorriko da hura iristean. Egoera horretan, adibidez, lana ziurtatuagoa izango dute iturginek hainbat esparru teknikotako langile eta goi kargudunek baino. Beste batzuek, aldiz, diote hau guztia kea baino ez dela, eztanda egin behar duen burbuila bat; eta ez dugula hainbeste flipatu behar.
Gure kasuan, begiak eta belarriak adi izango ditugu, 2025ean ere izango delako zer ikasi eta zer hausnartu. Urte berri on!