gaizka izagirre
Ekografiak

Ispilu beltzaren aurrean

2025eko apirilaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Badira zenbait telesail, gain behera egon eta hamar denboraldi luzatuko balituzte ere, berdin-berdin ikusiko nituzkeenak. Duten tonuagatik edo atmosferagatik izan liteke beharbada, aktoreen lanagatik, musikaren indarragatik edota jorratzen dituzten gaiengatik, akaso; ez daukat oso argi zer den telesail horietatik erakargarria egiten zaidana, baina denboraldi berri bat estreinatzen duten bakoitzean, ni beti barrura!

Aurten estreinatu direnen artean The White Lotus izan liteke adibide horietako bat —hirugarren denboraldia erdipurdikoa iruditu zaidan arren—, baina Netflixera lurreratu berri den bati buruz ari naiz zehazki: Black Mirror. Bi hitz horiek irakurtzen ditudan aldiro poztu egiten naiz.

Charlie Brooker gidoilariak sortutako proposamen berezi honen zazpigarren denboraldia heldu da; teknologiaren amildegira begiak kliskatu gabe begiratzera ausartzen den antologia berdingabea da oraindik ere. Hotel Reverie, USS Callister: Into Infinity (laugarren denboraldiko USS Callister-en jarraipena), Eulogy, Common People, Bête Noire eta Plaything izeneko sei atalak ikuslea deseroso sentiarazteko duen gaitasunagatik nabarmentzen dira; narratiba probokatzaile eta, sarritan, ezkor baten bidez, galdera deserosoak plazaratzen dituzten kapituluak dira, ispilu beltzaren aurrean kokatuko gaituzten istorioak.

Oraingoan ere atal bakoitzak kontakizun independente gisa funtzionatzen du eta aurrerapen teknologikoek giza izaeraren alderdi ilunak islatzen —eta desitxuratzen— dituzten istorioak azaltzen dira: errealitatetik gero eta hurbilago dagoen etorkizun distopikoa erakusten dute. Teknologia inbaditzailea, manipulatutako oroitzapenak, fikzioaren eta errealitatearen arteko mugak, bideojokoak, ospearen presioa eta halako gaiak arakatzen dituzte.

Aurreko denboraldietan gertatzen den moduan denboraldi berria osatzen duten zati guztiek sakonera edo inpaktu bera lortzen ez badute ere, axolagabe uzten ez duten tramak dituzte oinarri.

Argi dago jada ez dela telesail berbera, lehen indar handiagoa baitzuen, eta beharbada gehiegi luzatzen ari dira, baina jorratzen dituzten gaiak eta gatazkak hain erakargarriak, aztoragarriak eta interesgarriak iruditzen zaizkit, ezin baitut begirada pantailatik aldendu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.