Nerea Osinalde.
EHUko Biokimika Saileko irakaslea

Isiltasunaren oihartzunak

2025eko martxoaren 14a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gizakiok 23 kromosoma pare ditugu, guraso bakoitzarengandik 23ko sorta bat. Guztiok 1-22 kromosoma bikoteak ditugu, baina sexu kromosometan bereizten gara. Emakumeok bi X kromosoma ditugu, eta gizonek X eta Y kromosoma bana, oro har. 

Y kromosoma guztietan txikiena da eta gene gutxien dituena, berrehun inguru, gizonezkoen ezaugarri sexualak garatzeko ezinbestekoak. Hiru aldiz handiagoa den X kromosoman, berriz, 1.500 gene inguru daude, eta askok ez dute ezaugarri sexualen garapenarekin zerikusirik. Sexu biek X kromosoma kopuru ezberdina izanik, bertan dauden geneen arteko desoreka saihesteko, emakumeon X kromosometako bat desaktibatu egiten da. RNAk eta proteina batzuek X kromosoma inguratzen dute, eta horrek DNA konpaktatzea eragiten duenez, hor dauden geneak isilarazita gelditzen dira, desaktibatuta. 

X kromosomaren desaktibazioa enbrioiaren garapenaren hasieran gertatzen da, obulua ernaldu eta hamar egunera. Zorizko prozesua da, hau da, zelula batzuetan amarengandik jasotako X kromosoma desaktibatzen da; eta, beste batzuetan, aitarengandik. Horregatik esaten da emakumeak mosaikoak garela, zelula motaren arabera isilduta dagoen X kromosoma desberdina delako.

1961ean, Mary Lyon ikertzaileak proposatu zuen estreinakoz emakumeen X kromosometako bat desaktibatua dagoelako hipotesia. Ordutik, desaktibazio hori atzeraezina zela uste izan da. Baina, beste behin, usteak erdia ustel.

Berriki, sagu emeekin egindako esperimentuetan behatu dute, adinarekin, isildutako X kromosomako ehunka gene aktibatu egiten direla. Plp1 deitzen den geneak piztu du ikerlarien arreta. Gene hori nabarmen aktibatzen da sagu eme nagusien hipokanpoan, memoriarako funtsezkoa den garuneko eskualdean. Plp1 geneak mintz proteina bat ekoizten du, mielinaren osagai dena. Mielina zorro bat da, neuronak estaltzen dituena, kable elektrikoak isolatzeko erabiltzen den plastikoaren baliokidea. Eta horrek neuronetan zehar korronte elektrikoa modu eraginkorrean hedatzea ahalbidetzen du. Ez da harritzekoa mielinaren urritasuna arazo kognitiboekin erlazionatuta egotea. 

Urteak aurrera doazen heinean guztiongan txikitzen da gaitasun kognitiboa. Baina sexuen artean desberdintasunak atzeman dira; oro har, gizonekin alderatuz, emakumeok zahartze kognitiboarekiko erresistenteagoak gara; azken aurkikuntzetan oinarrituta, ikerlarien arabera Plp1 genean egon liteke gakoa. Hori frogatzeko, gene terapia bidez sagu arrei Plp1 genea aktibatu zieten. Tratamendurik jaso ez zuten saguekin alderatuz, Plp1a aktibatuta zuten saguak labirintoetan hobeto moldatzen zirela behatu zuten: argitasun kognitiboaren isla. 

Beraz, adituen arabera, adinarekin erlazionatutako gaitzei aurre egiteko zirrikitu bat zabal liteke ustez isilduta zegoen X kromosoma ikertuz gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.