Uhinetatik tiraka

Irribarre maltzurra

Xabier Lasa.
2011ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Zakarkeritan.Pagotxa ederra gerta liteke entzuleontzat bi tertuliakideren formatua, uda aldiro ezartzen dutena Radio Euskadin. Horretarako, jakina, konbinaketa asmatu behar da. Esaterako, tertuliakideen olinpoan ukiezinak sentitzen diren bi aurrez aurre jarriz. Ostegunetan Joseba Arregi eta Maria Antonia Iglesias dauzkagu Boulevard-en. Ideologikoki urrun ez egon arren, elkar ezin dutela ikusi argi geratu zen. Huskeria dirudien pasadizo batek horrela pentsatzera eraman behar gaitu, behintzat. Gipuzkoako EAJren etorkizuneko estrategia mintzagai zutela, «alderdi hori ez dago prest klandestinitatean segitzeko», aipatu zuen Iglesiasek. Arregik, orduan, harridura agertu zuen oposizioa eta klandestinitatea nahastu zituelako hizkideak. Iglesiasek, ordea, ukatu egin zuen klandestinitate hitza erabili zuela, eta audioa berriro aditzera desafio egin zion Arregiri. Horrek nagusikeria intelektualak bultzatua zirudien irribarre bat eginez erreakzionatu zuen, berea duen estiloan. Hortzak zorroztera zihoazela zirudien une batean, baina Tele5 kateko La Noria programan ez zeudela ohartu, eta erlaxatu egin ziren.

Zakur zaharra.Horrela jo daiteke Jose Luis Azurmendi euskal kazetaritzan, eta bere ofizioa hizpide denean sentsazio berbera uzten du beti: askoz gehiago dela isiltzen duena esaten duena baino. Inspiratuta dagoenean, asko esatera ausartzen ez diren perla politak botatzen dizkigu. Ostiraleko tertulian El Diario Vasco-k Realeko entrenatzaileak kendu eta jartzen dituela adierazi zuen aho-bizarrik gabe; Lourdes Perez DV-ko kazetaria aurrean zuela. Orain arte Mauri Idiakez Copeko kirol esataria zen Gipuzkoako prentsan hori adieraztera ausartzen zen bakarra.

Enpresa kudeaketa abila.Cope irratiak Jose Antonio Abellani hiru milioi euroko kalte-ordaina eman beharko dio; horixe agindu du epaile batek bere kaleratzea ez zela egokia izan argudiatuta. Abellani gertatu zitzaion 17 urte egin zituela Espainiako Elizaren irratiaren zerbitzura lanean. Iaz, baina, irratiko zuzendaritzak erabaki zuen SER kateko esatari taldea fitxatzea eta, ondorioz, Abellan kazetaria kalean uztea. Hori bai, bi hilabete lehenago hiru urteko kontratua sinarazi zion horri, kirol esataririk trebeena zela eta harekin egundoko konfiantza zeukala esanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.