Xabier Lasa.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka

Irratia, premiazko

2012ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Once solidarioa. Dani Arizala esataria (Ilargipean, 23:10-24:00) saritu dute egunotan. Edozein ezintasun mota jasaten dutenen integrazio sozialaren alde komunikazio arloan egiten ari den lana nabarmendu nahi izan du ONCE erakundeak, Euskadi Solidarioak izeneko sarien barruan. Sarien saltsa sistematikoki erlatibizatu behar den arren, poza eragin digu albisteak, egia esanda. Euskaraz egindako produktu bat nabarmendu duelako ONCEk; eta, batez ere, babesa ematen diolako EIk gauero eskaintzen digun proposamenari: arazo, sentimen eta harreman pertsonalak lantzeko lur eremu bakartua, albistegi eta tertulia zurrunek oihan bihurtuta daukaten uhinetan, alegia. Arizalaren estilo bere-bereak atzerakoa eragingo dio nor edo nori, akaso. Beste makina batentzat, ordea, hedabideen egun osoko bonbardaketaren antidoto gozo bihurtzen da haren ahotsa. Gauero, mundua zerorrengandik hasi eta bukatzen dela iruditzen zaizun tartean, loak hartu aurreko horretan.

Ziriakoren agurra. Bertsotan, atzo zortzi egin zuen bere azken kronika Arrate irratian Ziriako Ortiz de Zarate herri kirolen esatariak, 83 urteek barkatzen ez eta. Mikrofonora itsatsita bizitzeko jaio direla diruditen erromantiko horietakoa izan da, hitza eta ahotsa tresna izan duen kontalari amorratua. 60 urte plazatan, 30 irratian. Zaletasun eta edukietan ez ezik, ahots doinuan nahiz tankeran ere, Eizmendi Basarri-ren dizipulu abila zirudien. Herri kirolak inspirazio zituen esatari bat joan zaigu, adinak behartuta. Andres Osa Sakona geratzen zaigu espezializatu gisa, guk dakigularik. Herri kirolek kotizazio kaskarra daukate prentsarentzat, kirol salgarrien merkatuan. Bizi iraun nahi badute kirolek, hiru hanka behar dituzte: erakundeak (publiko zein pribatuak), hedabideak eta ikusleak. Horietatik nork nor eraman behar lukeen arrastaka arrakastara, nork daki... Behintzat, Ziriakok egin du ekarpena, erruz. Gurea maite dutela dioten beste zenbaitek haren hamarreko bat jarriko balute sikiera…

Belarrietatik ikusiz. Existitzen segitzen duen magia, zenbaitentzat. Ziriakok aitortu duenez, mikrofonoa ez uzteko eskatu izan diote entzule itsuek. Mikel Aiertzak, EIk bigarrengoz antolatu duen Maite dut irratia sariaren irabazleak, berriz, ipuin kontalarien zereginarekin lotu du irrati esatariaren lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.