Migel Zeberio
URMUGA. IRITZIA

Irati-Santiago

2021eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Aurrekoan buhameen antzera genbiltzala nioen, baina ibiliak esan dit erromesak garela, kontrako norabidean, mendebaldetik ekialdera baikoaz. Eta hori nola jakin dudan? San Salbatoreko kaperara iritsi garenean. Aurretik ere bagenituen horretarako zantzuak, baina jabetu ez. Iazko soinu bandaren leloa Tapiaren Compostela zen hain xuxen. Eta aurten ere berberarekin bukatzekoak gara Erremendian. Gure aitak zioen hil bezperetan, Santiagora egindako erromesaldian, bi bizipenek markatu zutela bere alderraia: barne gogoeta eta bidean topatutako harremanak. Gureak ere bi oinarri horiek berak ditu. Jendartearekin lortutako konplizitateari buruz aurrekoan hitz egin nuen. Gogoeta, berriz, ematen ditugun musikek finkatzen dute; egiten ditugun hautuak duen helburua musikarion arteko eta ikusleekin trukea du xede. Horretarako aurrejuzkurik eta etiketarik gabe edozein hizkuntzatan egiten saiatzen gara. Ez dut uste, esan ohi den bezala, musika hizkuntza unibertsala denik. Kode minimo batzuen ezagutzarik gabe ez dago komunikaziorik. Alboan ditugun artisten emaria ezaguna du haien jarraitzaileak. Guk kantu bera beste manera batean eta ohikoak ez dituzten artisten konbinazioak eskaintzea besterik ez dugu proposatu. Aldiz, bai iradoki dugula arrazoi batengatik edo bestearengatik doinu bat edo beste. Erresuma Batuan herrikoia bihurtu den Gabriel's Message aireari, Sting edo Peter Gabrielen ahotan ezaguna egin denari, ezinbesteko deritzot gure kantutegi espiritualean. Berez Xuberoako Birjina gaztetto bat kantua baita. Baigorri bezalako herri loriatsuari elegantzia zor diogu. Verdiren Nabucco Donostiako Orfeoiaren ahotik entzutea zinez eskertu baitute. Iazko bizipenen ondoren, Gorka Benitezek Baigorri-Bidart obra sortu eta guk eskaini dugu. Eta, noski, edonon kontzertu bat borobiltzeko Tapia eta Leturiaren doinuek pizten dute herritarrengan sua, herriak bere egin ditu, beste askoren artean.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.