Ane Muñoz.
Maratila

Iraganaren bila

2012ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Lanaren estresak hara eta hona zonbi baten antzera narama azkenaldi honetan. Gaur Zumaian gabiltza, aurrekoan Oiartzunen, eta herenegun, berriz, Oñatin, nire txikitako herrian. Hau poza. Goiz-goizetik urduri nengoen, oso txikia bainintzen berton bizi izan nintzenean, eta asko eta oso polit bizi izan nintzela maiz entzun dudan arren, zaila egiten zait, zoritxarrez, bizitzako lehen urteetako kontuak egungoak bezain garbi gogoratzea. Inondik ere. Normala omen da. Izan ere, diotenez, zazpi urtetik beherakoak sentsazioak omen dira, oroitzapen zehatz eta errealak baino gehiago. Ze pena.

Halere, bereziki eroso sentitu nintzen nire bihotzeko Oñatin, nahiz eta berehala egiaztatu ahal izan nuen urteen poderioz nahasiz joan zaizkidan oroitzapen urrun bezain goxo eta on haiek sentsazio entsalada nahasia bihurtu direla, eta horrek tristatu ninduen nolabait. Ze urrun haurtzaroa! Ordutik sekula errepikatu ez den usainen baten bila ere aritu nintzen, sudurrak erne.

Hamaiketakoaren orduan, ogitartekoa eskutan hartu eta herriko kaleetan barrena hasi nintzen, itsu-itsu, nire oinei euren gisa nahi zuten tokitik ibil zitezen utzita, haien laguntzaz iraganarekin topo egingo nuen itxaropenez, agian. Eta nahi gabe orduko gure sotoan agertzen banaiz? Auskalo! Lauzpabost kale estu eta bidetxo pare bat zeharkatu ondoren, iturri baten aurretik pasatu nintzen. Eta hor, zera, oinak kieto gelditu ziren. Ein? Mmm, zerbait sentitu nuen, bai, apustu egingo nuke berton ahizpa eta anaiekin inoiz jolastutakoa izango naizela. Minutu bateko isilunea gorde nuen bertan, hildako garaien izenean. Horra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.