Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Irabazi arte

2012ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Asteazkeneko notiziagatik galdetuko banu, zer erantzungo zenidakete? Zein izan zen, zuen ustez, astezkeneko notiziarik garrantzitsuena? Telebista mintzatuko balitz gure ordez —eta irudipena daukat gero eta gehiago egiten duela—, erantzunak zalantzarako tarterik ez luke utziko: Europa Ligako Athletic-Atletico Madril partida —%63,3ko share-a Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 542.000 ikus-entzule—. Ados, arrazoi duzue, Bateragune kasuari buruzko saiorik ez zen beren-beregi prestatu, ez eta balizko hauteskunde aurrerapenari, Aralar aferari edota Bankiaren bromari buruzkorik ere. Baina ETBko albistegiak, esaterako, lau berri horiek ordena horretan landu zituzten saioak aipatzeagatik, ohiko ikusle kuotetan mugitu ziren, berebiziko lurrikararik jasan gabe: gehien ikusitako albistegiak, arratseko Teleberri-k, %3 egin zuen —futbol partidaren kontraprogramazio izan arren—.

Eguerdi parteko albistegietan, haatik, saiatu ziren olatua harrapatzen: lehenengo 25 minutuak, esklusiboki, talde zuri-gorriaren ingurukoak izan ziren, gero, kirol tartean, atzera koloreok hartzeko. Eta horregatik bakarrik jada hitz egin beharko nuke asteazken gaueko futbol partidaz? Telebista publikoa guztiok ordaintzen dugula oroitarazi beharko nuke, baita Real Unioneko zaleok ere? Gure dirua itzultzeko zer egin behar den galdetu? Zer esan beharko nuke asteazken gaueko partidaz, hunkitu egin nintzela ni ere Athleticeko jokalariak negarrez ikustean, jakin arren 110.400 euro inguru irabazten dituztela batez beste hilean? Zergatik aukeratu beharko nuke Europa Ligako final galdua —bai, galdu egin baikenuen euskaldunok, herri gisa galdu ere—, Bateragune, hauteskundeak, Aralar, Bankia eta abarrak notizia izan ditugun egun berean? EAEko biztanleen %63,3k jarraitu dutelako soilik?

Egoera bitxia bizi dugu: dena galdu dutenak ere kalera ateratzen ez diren honetan, pantailaren aurrean jokatzen da gure etorkizuna. Gaitz erdi, maiatzaren 25eko finala geratzen zaigun oraindik. Pausatzeko galdera litzateke zer gertatuko den egun horretatik aurrera. Hasiko ote garen benetan ezinbestekoak diren kontuekin kezkatzen. Bat baino gehiago esnatuko da kolpetik lurralde ezin gordinago batean. Non eta nola egon naiz orain arte? Bitartean, aupa Athletic. Eta, Idoia Mendia sailburuak esango lukeen moduan, Jo ta Ke irabazi arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.