Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Iparrik gabeko egoak

2012ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Ezkutu samarrean gertatu da dena, baina ez du, haatik, garrantzi eskasagoa: asteazken gauerdirako San Fermines 78 dokumentala iragarri zuen ETBk. Logikarik badu: 1978 hartako sanferminetan hil zuten German Rodriguez, eta, ondorioz, erabat normala iruditzen zait gertaera haiek gogoratzen dituen telebista lan bat uztailaren 11n ematea. Gauza da, sanfermin garaitsu hauetan bahitu eta hil zutela Miguel Angel Blanco ere, 1997an. Eta, ondorioz, erabat normala iruditzen zaidala gertaera haiek gogoratzen dituen telebista lan bat uztailaren 11n ematea. Ez zaidana jada hain normala iruditzen da ETBk San Fermines 78 iragarrita zegoen egun-ordu berean Miguel Angel Blanco: el grito de Ermua dokumentala sartu izana.

Uste dut argitu beharrik ez dagoela, baina badaezpada: ez zait gaizki iruditzen Miguel Angel Blancori buruzko erreportaje bat ematea, besterik ez genuen behar, baizik eta German Rodriguezen dokumental bat kentzea beste bat emateko; are, iragarrita zegoenean. Ezen Markel Olano eta haren sokakoak lasai uzteko, niri ere iruditu zitzaidan basakeria erokeria zentzugabekeria galanta Miguel Angel Blancoren hilketa —nahiz eta ez dudan uste Parot doktrinaren kontrako epaiaz pozteagatik Miguel Angel Blanco gogoan izan behar dudanik; edozer gauza gertatzen delarik ere, gogoan izan behar dugu beste zerbait, edo?—. Eta nire iritziak gutxi inporta badio, hortxe Laura Mintegirena, esan berri baitu Miguel Angel Blancoren hilketa tragedia ikaragarria izan zela. Tira, baina ez dakit zergatik esaten ari naizen hau guztiau. Ez gaitezen gaitik gehiegi desbidera.

Esaten ari nintzen gaizki iruditzen zaidala iragarrita dagoen gauza bat —dena delarik ere— azken orduan beste gauza batekin aldatzea. Aldaketaren berri bezperan eman baitzuten, eta gaizki —dokumentala lan berria zela esanez, 2008koa denean—. Eta ondo pentsatzen hasita, jada ez dakizu ondo zer pentsatu. Ezkutu samarrean egin arren, gauza horiek jakiten baitira azkenerako. Eta aldaketaren balizko azterketa politikoaz harago, kontu praktiko bat: merezi ote du, benetan, denik eta mesfidantzarik txikiena sortzea, azkenean dokumental bat astegun buruzuri bateko gauerdian emateko? Jada ez da borondate politiko kontua, baizik eta puskaz okerragoa den zerbait: iparrik ez dela ikusten inon, oso ondo zer nora nola ez dakiten egoak besterik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.