Elikadura. Eko-tik

Iparraldeko laborantza biologikoa garatzen 20 urtez

2013ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Hogei urte pasatu dira jadanik Biharko Lurraren Elkartea (BLE) sortu zenetik. Justuki duela bi hamarkada, Iparraldean zeuden laborari biologiko apurrek Lekorneko (Lapurdi) Garro Jauregiarentzat lehenengo proiektu agroekologikoa prestatu zuten. Prozesu hartan ohartu ziren beharrezko zutela izaera juridiko bat, eta hortik jaio zen Iparraldeko laborari ekologikoak batuko zituen elkartea, BLE. Igarotako urte hauetan, BLE eta Garro proiektua paraleloki garatu dira: Lekorneko jauregia eta bere 37 hektareak Iparraldeko agroekologiaren garapenerako gune bilakatu dira.

Biharko Lurraren Elkartea proiektu Orokorra da, lurretik hasi eta mahairaino lan egiten duena. Hala, gaur egun agronomia, baratzezaintza, azienden kudeaketa, ikerketa parte hartzailea, konbertsioak eta bestelako arlo praktikoen inguruko aholkularitza eskaintzen ditugu.

Laborariak dira haien etxaldeko teknikariak eta kudeatzaileak. Haien etxaldean zer egin behar duten esatea ez da gure lana, haiek baitira protagonista.

Gure beste lan-ildo nagusietako bat da jakintzaren eta esperientzien transmisio askea. Horretarako, artikuluak publikatzen ditugu laborari-kazeta askotan, eta gure buletin teknikoa ere (BLE Berri) badugu. Gure nahia da agronomia eta hazkuntza ekologikoaren hedatzea, nekazari biologikoen zein konbentzionalen artean. Horretaz gain, azken urteetan elikagai biologikoen eta laborarien presentzia Iparraldeko eskola jantokietan zein jaialdietan etengabe handitzeko lanetan ere bagabiltza.

Laborantza ekologikoa, autonomoa eta ekonomoa garatzeko sortu zen BLE. Duela 20 urte, laborantza biologikoaren presentzia oso txikia zen Iparralden. Baina 2000. urtetik aurrera aldaketa handiak eman ziren sektorean: Frantziak laborantza biologikoa garatzeko programa jarri zuen martxan, eta honek Elkartearen gaitasuna eta konpetentziak handitzeko modua eman zuen. Gaur egun, BLEko bazkide dira 300 laborari inguru, eta gure lantaldea bost lagunek osatzen dute. Urte hauetako esperientziak erakutsi digu, ordea, administrazioek ez dutela benetan sinesten laborantza biologikoan: Estatu zentralaren programa bukatzean, diru-iturriak dibertsifikatzeko beharrean aurkitu ginen, aurreko urteetan egindako hazkundea mantentzeko.

Orain, urtero 20-25 txosten prestatu behar ditugu, erakunde publiko ezberdinen laguntzak (Europar Batasuna, Frantziako Gobernua, Kontseilu Orokorra, Departamendua, eta abar) jaso ahal izateko. Txosten bakoitzean, gainera, laborantza biologikoaren onurak justifikatu behar ditugu, ez baitute ulertzen, antza, laborantza biologikoa proiektu integral eta estrategikoa dela, gizarte osoarentzat interesa duena. Lan egiteko era honek, esfortzu handia eskatuta ere, bere abantailak badauzka. Lehenik eta behin, elkartearen independentzia mantentzeko aukera ematen du: nahi ditugun proiektuak guk nahi dugun eran garatzen ditugu. Bestalde, maila politikoan eragiteko modua da. Proiektuen txostenak hautetsiei zuzenean igortzen dizkiegu, diru publikoarekin gauzak egiten ditugula erakusteko. Alegia, proiektuak hautetsiei mezuak pasarazteko ere baliatzen ditugu: garrantzitsua da politikariek ikus dezaten emandako diruarekin gauzak egiten direla. Garai zailak datozkigu, baina estutasunak estutasun, independentzia eta autonomia mantenduta garatuz jarraituko dugu.

@Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:

Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47

[email protected]

ENEEK- Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.