Gaitz askoren konponbide omen den fruta honen izena, tupi indioen hizkuntzan, nana-nana da, lurrintsu-lurrintsua. Hego Euskal Herrian pina (piña) deritzo, koniferoena bezalakoa delako. Añanan gabe, Brasil iparralde, Karibe eta Erdialdeko Amerikan sorleku du fruitu korazatu, lurrintsu eta gozagarri honek; handik portugesek India eta Javara eraman zuten eta bertatik Ekialde Urrunera hedatu zen.
Ikuspegi fisiko kimikotik, berriz, zitrikoen antzekoa da eta kontsumitzeko hamaika eratan prestatzen da: gordinik, airean edo azukrez lehortuta, egosi, erre edo frijituta, fresko eta kontserban, entsaladan, haragi eta postreekin, gurin eta karameluarekin ederki ezkontzen delako bere zaporea.
Fruta honen zukuak okela samurtzen duenez, ez da komeni gelatina duten jakiekin zuku hori ezartzea. Zukua natural edo, hartziturik, ardo, ozpin, «garagardo» eta uxuala bihurtuta ere kontsumitzen da.
• Aukeratzean: hautatu ale ertaina, lau lagunentzat; ibili presarik gabe, ukitu aleak, usaindu... Lurrintsua behar du oinarrian, ez astunegia, sendoa, erdia koloreztatua, gandor ederrekoa. Erne, ananaren mamia samurtzen den arren, zaporea ez da aldatzen landaretik erauzitakoan, heltze prozesua hor bukatu baita (ez da fruta klimaterikoa). Erabat umotuak daudenek ez dute bidaia luzea ongi pairatzen; beraz, zoritu aurretik ebaki eta itsasontziz (15 eguneko bidaia) ekartzen dituzte Europara anana erdi heltzakak, erabateko gozotasunaren erdira bakarrik iritsi direnean; horregatik, etiketan «Hegazkinez» (ekarri dutela) adierazten badu, aukeratu horixe. Txortenaren gertueneko alderdia gozoena da, hazi den aurrenekoa.
• Saihestekoa: 1,5 kilotik gorakoa, orbanduna, kolore uniformekoa (akaso azido etilfosforikoa aplikatuko zioten), gandor zimel, gorrixka, alderdi belaxkarik daukana.
• Kontserbatzeko: astebete, 20ºC-tan, beste frutetatik aparte; hozkailura, gerturatu ere ez, 10ºC-tik behera hil egiten delako. Ez moztu anana zuritzeko erabili duzun labanarekin: garbitu uretan edo hartu beste ganibet bat, fruta honek «lapurretaren kontrako sistema» eraginkorra baitu: oso litekeena da azaleko azido bat eta mamiko elementu bat elkartzean sortzen duten azidoak zure ezpainak eta aho barruko mukosak hanpatzea.
Elikadura. Hazkurri kontuak
Inauteriak pasata, anana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu