Aurelia Arkotxa.
Maratila

In tempo (III)

2014ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Hurbilagotik beha diezaiogun Pasoliniren argazki horri. Egunkaria erditik plegatu du, eta mahai gainean utzi. Bigarren baso bat ondoan (fotoa atera duenarena?). Besaurrea mahaian. Liburua periodikoarekin batera irekia. Betaurrekoak ondoan pausatuak. Mahaia (etxeko mahai bat iduri) paretaren kontra. Eta ohartzen naiz Casarsa-ko etxea datekeela, La povera grande casa con le mosche sulla tavola unta— «Etxe handi pobre hura, euliak mahai koipetsuan». Ez dagoela bar batean, oker nenbilela. Haur baten antza du. 1968: barrikadez dio: Ho passato la vita a odiare i vecchi borghesi… «Bizia pasatu dut burges moralistak gorrotatuz, guztiz normala beraz haien umeak ere gorrota ditzadan… burgesia da bere buruaren kontra ari barrikadak eraikiz… ikasleen erdiak ez du iraultza egiten, baizik eta gerla zibila» (Il PCI ai giovanni !! 1968). 1975eko azaroaren 1.etik 2ra doan gauean: Ostia-n aurkitzen dute masakratua Pasolini. Giusseppe Pelosik: hura dela hoberenduna… Zurrumurruen arabera, ordea, erailketa politikoa da: zerbitzu sekretuen lana. Jende inportante batzuen estalpeko-biziaz gehiegi zekielako Pasolinik... «Kortsario idazkietan» (1974) idazten duenak hori du aditzera ematen: «…Ezagutzen ditut, CIAren laguntzari esker, birjinitate antifaxistaren estalkiz beren buruak ongi tapatu dituztenak nor diren… Badakit. Baina frogarik ez» — «Badakit, idazlea naizelako, gertakari guztiak segitu nahi duen idazlea, idazten den guztia ezagutu nahi duena…».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.